Debagoieneko kirol sariak banatu zituzten

Mireia Bikuña 2009ko abe. 19a, 18:04

Kirolak eta festak bat egin zuten atzo Oñatin, Debagoieneko II. kirol sarien banaketa ekitaldian. Saria jaso zutenek jarri zuten kirol usaina Santa Ana Aretoan, eta Ganbara Txiki Abesbatzakoek ipini zuten festa giroa. Ekitaldiko unerik hunkigarriena, eta, aretoan zeuden batzuei negar malkoak sorrarazi ziena, Aloña Mendiko kide izan eta ekainean hil zen Jose Luis Agirreri egindako omenaldia izan zen.

Udalek emandako sariak

Ekitaldia Xabier Urtzelai eta Itxaro Zubillaga kazetariek aurkeztu zuten, eta babesleei (La Caixa, Goiena Komunikazioa Zerbitzuak, Mondragon Unibertsitatea, Kanpanzar-Kobate harrobiak, Arteman Komunikazio enpresa, eta Oñatiko, Aretxabeletako, Aramaioko, Elgetako eta Leintz-Gatzagako Udalak) eskerrak eman ondoren, sariak banatzen hasi ziren.
Lehen lehenik udalek emandako sariak banatu zituzten: Leintz-Gatzagako Udalak txirrindularitzaren alde egindako lanagatik Alberto Altube eta Pedro Meri Elkorobarrutia omendu zituzten; Elgetako Udalak Oihana Kortazar omendu zuen mendi lasterketatan erakutsi duen mailarengatik; orain dela 30 urteko Aramaioko sokatira taldeak jaso zuen euren udalaren saria; eta Marisol Ramos korrikalariak, Josune Odriozola igerilariak eta Aloñako eskubaloiko senior mailako nesken taldeak Oñatiko Udalak emandako sariak.

Joko olinpikoak

2009ko kirolari onenen sariak Jonathan Perez pertika-jauzitzaileak, eta Maider Unda borrokalariak eroan zituzten. Biek ala biek urte berrirako asmoen gainean egin zuten berba. Perezek Valentzian jokatuko den Espainiako txapelketarako sailkatu gura zuela esan zuen. Aldiz, Undaren helburua 2012ko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea da.
Kirol ibilbidearen saria Jone Muxika elgetarrak jaso zuen; kirolaren alde egindako lanaren sariak saskibaloiari bultzada eman dion Manolo Muñozek, eta Joxe Eskibel korrikalariak jaso zituzten; teknikari onenaren saria Reyes Azkotiak eroan zuen; talde onenaren saria UDArendako izan zen; eta babeslearen saria Soraluze Kooperatibarendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak