Hala, 10 parte-hartzaileetatik bost sailkatu ziren, horietatik lau, aipatu moduan, Debagoiendarrak. Musikarekiko zaletasuna badago ibarrean eta gure ordezkariak maila altua erakutsi zuten zalantza gabe. Bosgarren sailkatua Ioritz Aizpitarte zarauztarra izan zen. Gaztetxo honen ahots goxoak, giro euritsu eta freskoari aurre egin zion. Hain zuzen ere, txapelketari hasiera eman zion Aizpitartek eta Amaia Antzokia epeltzea lortu zuen.
Lehen txalo zaparrada, etxekoen txandarekin iritsi zen. Eneritz Urrutia eta Maialen Arratibelek bikain defenditu zituzten aurkeztutako bi abestiak. Lehena, Etzakit taldearen Urrun izan arren. Bigarrena, berriz, erritmo biziagokoa eta abesti sortu berria, Lehen dantza; egileak, Maixa Lizarribar eta Kristina Solano. Mikrofonoaz arazo txiki bat izan zuten arren, maisuki jakin zuten aurrera egiten. Taula gainean horrelakoak ere gertatu egiten dira eta hortik ateratzen jakitea ere txalogarria da. Baina, benetan gustura eta eroso, abesti berriarekin azaldu zirela azaldu ziguten. "Urduritasunari aurre egin eta bigarren abestia soltura handiagoz kantatu dugu".
Segidan, Aretxabaleta eta Eskoriatzako bikotea taularatu zen. Eskarmentudun musikarien laguntza izan zuten, tartean, Ines Osinaga trikitixa jotzailea. Txapelketara aurkezten diren lehen aldia da. Anje Duhalderen Gure Zortea abestiarekin, ikuslea poltsikoratu zuten eta txalo zaparradak nagusitu ziren aretoan. "Ez genuen espero halako harrera jasotzea, asko hunkitu gara". Froga bikain gainditu zuten finalerako txartela eskuratuz.
Debagoieneko hirugarrena eszenatokira igotzen, Amy Kerkhof bergararra. Berak sortutako Lagunen beharra abestia kantatu zuen gitarraren laguntzaz. Originala eta era berean goxoa da Kerkhof. Egindako lanarekin pozik azaldu zen.
Eszenatokian eskarmentua izatea gradu bat da, eta Bea Azurmendik garbi utzi zuen hori. Taula gainean jarrera aparta dauka arrasatearrak eta publikoari bere ahots indartsu eta sakona transmititzen jakin zuen. Taldeak egin duen Mende bat abesti itsaskorrarekin bat baino gehiago bere aulkian dantzan jarri zuen. "Oso gustuko dugun abestia da eta eroso sentitu naiz abesten" azpimarratu zuen Azurmendik.
Finala Donostian
Finala, domekan, jokatuko dute 15 partaidek, Donostiako Antzoki Zaharrean. Juan Luis Aranburu koordinatzaileak azaldu moduan, "aurtengo edizioan, sortutako abesti ugari ditugu, harrobi bikaina dago". Eta noski, aurten ere, disko batean batuko dituzte abesti horiek. "Lehia alde batera utziz, ilusioa eta motibazioa sortzea da gure helburua. Disko bat kaleratzeko edota plazaz plaza aritzeko grina sortu nahi diegu gaztetxoei".