Debagoieneko Gastronomia Jardunaldiak aurkeztu dituzte

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko ots. 25a, 13:47
Debagoieneko Mankomunitateak, ibarreko ostalariekin elkarlanean Debagoieneko Jardunaldi gastronomikoak antolatu ditu. Hain zuzen, martxoaren 2an hasiko dira jardunaldiak, eta apirilaren 30era arte iraungo dute. Menu bereziak eskainiko dituzte; eskualdeko odoloste, gazta eta pellak izango dituzte menu guztiek.

Aretxabaletako Baster Alde; Arrasateko Aldapa, Erreka, Hilarion eta Santa Ana; Bergarako, Lasa, Tartufo, Zabala eta Zumelaga; Eskoriatzako Hotel Mendigoia; Leintz Gatzaga Gure Ametsa eta Soran; eta, Oñatiko Etxe-Aundi, Goiko Benta, Soraluze eta Zelai-Zabal jatetxeak dira jardunaldietan parte hartuko dutenak. Mankomunitateko Turismo buru den Oxel Erostarbek azaldu du aurkezpenean dinamizazioan ezinbestekoa dela turismo arloko eragileen arteko koordinazio.

Bertako produktuak

Esan behar da ez direla bakarrik jardunaldi gastronomikoak izango; hau da, produktuen jatorria, elaborazioa eta prozesua ezagutzeko aukera ere eskainiko da jardunaldiotan. "Bertako produktuak eta garaiko produktuak ezagutzera ematea izango da helburua", azaldu du Erostarbek. Hori horrela, jatetxeek eskainiko dituzten menu guztietan eskualdeko odolostea, gazta eta pellak dastatzeko aukera egongo da. "Jatetxe bakoitzak zehaztuko du eskainiko duen menua; guztiek baina, bi lehen plater, bi bigarren plater, denak errazio erdikoak, postrea, kafea, eta txakolina, sagardoa eta Errioxako ardo ondua izango dute menuan", azpimarratu du Erostarbek.

Jatetxeek zehaztutako egunak

Lasa jatetxeko Koldo Lasa, Baster Aldeko Aitor Telleria eta Hilarion jatetxeko Gabino Yarza izan ziren aurkezpen ekitaldian. Koldo Lasak azaldu zuen jatetxe bakoitzak erabakiko duela asteko zein egunetan eskainiko duen menua. Menuak 28 euro eta 40 euro artean jarri dituzte; bestalde, erreserba egitea gomendatu dute.

Museoak eta enpresak bisitatu

Jardunaldi hauen helburua Debagoieneko ondare artistiko, kultura eta naturala ezagutzera ematea da. Izan ere, gastronomiaz gain, bestelako museo eta enpresak bisitatzeko aukera egongo da. Informazio gehiago www.turismodebagoiena.com edo 943 79 64 63 telefonoan eskura daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak