Debagoieneko enpresa gehienek ez dute grebarekin bat egingo

Miren Arregi Amasorrain 2009ko mai. 20a, 20:11
Biharko greba orokorra deitu dute ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. Debagoienean, dagoeneko asko dira bihar greba egingo duten ala ez dakitenak, nahiz eta oraindik, batzuk gelditzen diren bozketa egiteko. Lantegi gehienek, baina, ez dute grebarekin bat egingo.

Udalekin hasiko dugu biharko grebarekin bat egin dutenen eta ez dutenen erronda. Debagoieneko herri guztietako udal langileek bat egin dute grebarekin Eskoriatzakoek izan ezik. Osasun zerbitzuei dagokienean, Eskualdeko ospitaleak ez du grebarik egingo. Arrasateko, Bergarako, Oñatiko, eta Aretxabaletako anbulatorioetan, langile bakoitzaren araberakoa da greba egiteko ala ez egiteko erabakia, eta Eskoriatzan, esaterako, ez dute greba dela eta inolako erabakirik hartu.

Hezkuntzan, bestetik, batzuek bat egin duten bitartean, badira greba babestuko ez duten ikastetxeak ere. Esaterako, grebarekin bat egin dute Arrasateko AEKk eta Udal Euskaltegiak, Aranzadi Ikastolak ere greba egingo du, baina 2 eta 12 urte bitartekoendako, zerbitzu minimoak eskainiko ditu. Ipintza Institutuak, Udal Euskaltegiak eta AEKk ere, bat egin dute grebarekin. Aretxabaletako Kurtzeberri herri eskola da grebarekin bat egingo duen ikastetxetako beste bat eta baita Antzuolako, Eskoriatzako eta Elgetako herri ikastetxeek ere. Elgetako herri eskolan, zerbitzu minimoak eskainiko dituzte. HUHEZIn ere, greba egingo dute bihar. Oñatin, Institutuko ikasleek egingo dute greba, ez ordea, irakasleek.

Grebarekin bat egin ez dutenen artean daude bestetik, Mondragon Unibertsitateko langileak, Arrasateko Institutua, Oñatiko Txantxiku Ikastola, Errekalde Herri eskola eta Elkar Hezi ikastetxea, Arizmendi Ikastola eta Aretxabalerako LH Institutua.

Debagoieneko lantegiei dagokienean, asko dira grebarekin bat egingo ez dutenak. ULMA eta Fagor taldeek, esaterako, ez dute grebarik egingo, ez eta, Ikerlanek, Candyk, Lazpiurrek, AZBEk, eta Coprecik ere. Euskal sindikatuek deituriko grebarekin bat egingo dutenak dira besteak beste, Bergarako Torunsa, TTT, Oñatiko Hijos de Juan de Garay, Cegasa, Staedler, eta Txintxurreta. Gelman, Lasan, Polmetasan, Union Cerrajeran, Tavexen, Arcelor Mitalen edota Elokor Dekoletajeak enpresetan besteak beste, langile bakoitzaren erabakia izango da bihar greba egitea ala ez.

Autobus zerbitzu publikoari dagokionez, PESAk, zerbitzu minimoak eskainiko ditu biharko egun guztian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak