Debagoieneko bi museoak, abuztuan ere zabalik

Txomin Madina Milikua 2008ko abuztuaren 14a

Leintz Gatzagako Gatzaren Museoa eta Eskoriatzako Ibarraundi Museoa, biak ere irekita daude uda guztian zehar, kanpotarrei eta baita bertakoei ere gure ohitura, kultura eta berezitasunez pixka bat gehiago jakiteko aukera emanaz.

Leintz Gatzagako Museoan adierazi digutenez, uda nahiko ondo doa, bisitari ugari izan dituzte eta; ingurukoak, baina baita Katalunia eta Gaztelatik etorritakoak ere.

Gatza zer den, garai batean Leintz Gatzagan nola lortzen zen, zertarako erabili izan den… Informazio osatua ematen du Gatzaren Museoak. Eta Euskal Herriko gainerako aukera kultural ugarien artean nabarmentzea  erreza ez den arren, Amaia Olabe museoko arduradunak esan digu Gatzaren Museoak baduela zer eskainia. Izan ere, garai baten era berezian lortzen zuten gatza Leintz Gatzagan: ura eta sua erabilita.

Gatzaren Museoak asteazkenetik domekara arte zabaltzen ditu ateak, eta egunean, hiru bisita gidatu egoten dira: 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Ez dago aurrez izenik eman beharrik.

Ibarraundi Museoa

Eskoriatzako Ibarraundi Museoan urtean zehar bisitari dezente jasotzen dituzte, batez ere ikastetxeetako ikasle taldeak. Udan ere pizten du interesik; bertako Nerea Aranak esan digunez, abuztuan pixka bat jaitsi egin bada ere, ekainean jende asko ibili zen.

Etnografia aretoa eta historiaurreko gela dira Ibarraundiko erakusketa iraunkorrak, baina aurten, bi berrikuntza ere badituzte: batetik, hil zela mende bat bete dela aprobetxatuz ekainean ireki zuten Jose Arana enpresari eta mezenas eskoriatzarrari buruzko erakusketa, eta bestetik, orain gutxi jarri duten Leintz bailararen historiaren inguruko ikusentzunezkoa.

Ibarraundi Museoan  astelehena dute atseden egun. Gainerakoetan, asteartetik egubakoitzera 09:00etatik 14:00etara egoten da irekita; zapatu eta zubietan 17:00etatik 20:00etara eta domeketan, goiz eta arratsalde: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Talde handia joanez gero, aurrez abisatzea aholkatzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak