Debagoieneko 68 gaztetxok hartuko dute parte asteburuan Andoaingo piano jaialdian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko otsailaren 4a

Euskal Herriko 18 urtetik beherako piano-jole gaztetxoak Andoainen elkartuko dira aste bukaeran. Eta beraz, etorkizuneko piano-joleen topagune bihurtuko da Andoain, jaialdiaren bosgarren edizioan. Izan ere, aurten 876 ikaslek hartuko dute parte, urtez urte jaialdia sendotzen ari den seinale. Eta noski, Debagoienak izango du bere ordezkaritza. Izan ere, 68 debagoiendarrek eman dute izena Andoaingo piano jaialdian parte hartzeko.

Debagoieneko lau herrik hartuko dute parte piano jaialdian: Bergara, Arrasate, Oñati eta Eskoriatzak. Hala, herri horietako musika eskoletako piano ikasleek ikasitako piezak taularatu beharko dituzte Andoaingo Bastero kulturgunean; bihar eta etzi izango dira emanaldiak.

Esandako moduan, jaialdirako parte-hartzea librea da 18 urtera arteko piano-jole guztientzat. Jaialdiak bi modalitate ditu: piano bakarlaria eta pianoa lau eskutara –bikoteka–. Bestalde, hiru maila izango ditu, adinaren arabera: A mailan 11 urtera artekoak, B mailan 14 urtera artekoak eta azkenik, C mailan, 18 urtera artekoak. Epaimahaiak honakoa baloratuko du batez ere: adierazkortasuna, estiloa, jotzeko teknika, soinuaren kalitatea eta erritmoaren erregulartasuna.

 

Lehia baino askoz gehiago

 

Txapelketa izango da, hau da, gaztetxoek euren onena ematen saiatuko dira. Hala, pianoa hobekien jotzen duenak irabaziko du. Hala ere, Debagoieneko musika eskolek ez dute txapelketa soil moduan ikusten, eta emango zaizkien domina eta diplomez gain, jaialdia beste herri batzuetako piano-joleekin harremana egin eta musikaren munduan murgiltzeko "aukera paregabea" moduan ikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak