Debagoieneko 21 lasterkari izango dira domekan Zegamako irteera puntuan

Xabier Urtzelai 2009ko mai. 22a, 13:49
Domekan, 09:00etan, 452 korrikalarik ekingo diote Zegama Aizkorriko 8. edizioari, Munduko Kopako bigarren probari. Eta, korrikalari horien artean ibarreko 21 lehiatuko dira.

Debagoiendarren artean aipatzekoak proban izango diren bi emakumezkoak: MariFran Alonso atleta beteranoa, eta mendi lasterketetan aurrean dabilen Oihana Kortazar elgetarra. Horiekin batera, lasterketa ondo ezagutzen duten beste hainbat debagoiendar izango dira proban, tartean iaz zortzigarren sailkatu zen Aritz Kortabarria arrasatearra. Baina, ikusleok hutsune bat ere nabarituko dugu, Zegama-Aizkorriko podiumera birritan igo den, eta iaz Espainiako mendiko Kopa irabazi zuen Zuhaitz Ezpeleta. Bedoñakoak orkatila bihurritu zuen Berako mendi lasterketan, eta oraindik ez da errekuperatu. 

Gainontzeko lasterkariei dagokienez, aurreko postuetan puntako atletak izango dira lehian: "Gizonezkotan Kilian Jornet da faborito nagusia, azken bi probak irabazi dituen mutila. Sekulako dohainak ditu eta aurten ere hura izango da gainditu beharreko gizona. Baina, Kataluniarrarekin batera Rikardo Mejia, Raul Garcia, Fulvio Dapit, Jose Felipe Larrazabal eta beste hainbat izen hartu behar ditugu kontutan", adierazi du probako zuzendari-tekniko Alberto Aierbek. "Emakumezkotan ere korrikalari oso onak izango dira. Emanuela Brizio italiarra dago lider, baina kontuz ibili beharko du Stephanie Jimenezekin, Alizia Olazabalekin, Alizia Romerorekin eta beste hainbat korrikalarirekin.

Eguraldiaren beldur
Eguraldi iragarpenek diote asteburuan txarra izango dugula: "Iaz baino lokatz gehiago ez da ibilbidean egongo, hori seguru, baina domeka goizerako euria eman dute, eta eguerditik aurrera hobera egingo duela. Guri komeni zaiguna da hobekuntza hori apur bat aurreratzea", adierazi du umorez Aierbek. Bestela ere proba izugarri gogorra izanda, euriak ez du batere lagunduko. Ez korrikalariei, eta ezta ikusleei ere.

Debagoiendarren zerrenda:

    32.    MariFran Alonso (Arras.)   
    53.    Oihana Kortazar (Elgeta)   
    116.    Jesus Odriozola (Oñati)   
    121.    Jabi Martinez (Eskoria.)   
    122.    Juanma Martinez (Arras.)   
    126.    Jon Urtaza (Aretxabale.)   
    139.    Eneko Urrizalki (Arras.)   
    148.    Aritz Kortabarria (Arras.)   
    160.    Karlos Aldai (Bergara)   
    164.    Gorka Sudupe (Arrasate)   
    172.    Iban Aranguren (Arrasa.)   
    187.    Bittor San Jose (Aretx.)   
    202.    Josu Gascon (Arrasate)   
    236.    Jose Luis Barrena (Oñati)   
    248.    Unai Agirrebalza. (Oñati)   
    286.    Ekaitz SanVicente (Arra.)   
    298.    Aitor Urtaza (Oñati)   
    329.    Asier Sagastizabal (Oñati)   
    330.    Xabier Iñurritegi (Oñati)   
    396.    Iñaki Egiluz (Arrasate)   
    402.    Joxean Larrea (Oñati)
    415.    Andoni Urtaza (Oñati)
Iturria: zegama-aizkorri.com

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak