150 bat ume kantu eta dantzan aritu ziren Eskoriatzan

Irati Agirreazaldegi 2007ko urr. 29a, 11:00
Egunak laburtu arren, luzea da musikak eta dantzak aste bukaera honetan Eskoriatzako HUHEZIko aretoan egin duten bidea. Aretxabaleta eta Eskoriatzako haur eta gaztetxoak igo ziren taula gainera, Debagoienean Kantari ikuskizunaren bigarren aste bukaeran.

Lagunak eta gelakideak animatuz, eszenatokitik gertu txikienak, salto eta dantzan batzuk eta ikuskizuna jarraitzeko ipinitako pantailetara begira besteak. Domekan zapatuan baino jende gehiago izan zen.

Gurasoen emozioa

Abestiak, askotarikoak, denak euskal kantak: Tapia eta Leturiaren Festarik festa; Pirritx eta Porrotxen Maite zaitut; Oskorriren Katuen testamentue; Maixa eta Ixiarren Deabrutxo maitia; Sorotan Beleren Atalaia; Kortaturen Sarri-sarri eta Zaramaren Iñaki. Azken bi abesti horiekin, batez ere, gurasoen bihotzak ukitu zituzten eta, euren garaiko kantuak izanik, dantzan ez ezik, kantuan ere lagun egin zieten jende artetik.

Kantuak ez ezik, itxura ere asko zaindu zuten neska-mutikoek; izan zen makilatuta joan zenik, eta mutiko askok bisera jantzita abestu zuten. Taula gainean, gurpildun aulkian kantura ere ausartu zen Martin Perez.

Hurrengoa, Arrasaten

Debagoienean Kantari ikuskizunak atseden hartuko du zubian, eta azaroaren 10 eta 11n itzuliko da Arrasateko Amaia antzokira. Arrasateko eta Aramaioko gaztetxoek jardungo dute bertan. Ikuskizuna Goiena Telebistan ematen, berriz, azaro amaieran hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak