Debagoienera egindako bisitan, kooperatibismoa gertutik ezagutzeko aukera izan zuten Fagorren. Goiena Komunikazio Zerbitzuetan egindako geldialdian bestalde, Goiena Telebista, Arrasate Irratia eta goiena.net hedabideen lan egiteko modua ikusi zuten. ''Hemengoekin alderatuta, hango hedabideen lan egiteko modua ezberdina da. Xiberuko Boza irratia da Zuberoan bertan dagoen euskarazko hedabide bakarra; eta irrati librea da, independientea, udalekin harremanik ez dauka, eta boluntarioen lanarekin aurrera ateratzen dena'' azaldu zuen Maritxu Castillonek.
Zuberoako euskaltegia
Castillonen arabera, Zuberoako AEK-ko euskaltegia txikia da. ''60 ikasle ditu'', azaldu zuen, ''baina horrek ez du asko esan gura; oso motibatuta daude eta horren adibide da gaur egun euskaltegian lanean dabiltzan asko ikasle izandakoak direla. Aintzat hartu behar da, baita ere, gau eskola dela bakarrik, egunez ez dela klaserik egoten''.
Debagoienean egon ostean, gaua Gasteizen eman zuten, Korrikaren amaieran guztia emateko asmotan.