Debagoienean ere langabeziak gora egin du irailean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko urriaren 9a

Iraileko datuen arabera langabezia tasa 0,25 puntu igo da debagoienean irailean. Abuztuan baino 75 langabetu gehiago daude orain. Debagoieneko langabezia tasa %6,46koa da – 2.001 langabetu–. Herriz herri begiratuta, Arrasatek dauka langabezia tasa handiena, hain zuzen %7,50ekoa –868 langabetu–. Txikiena, ostera, Oñatik dauka: %4,22ko langabezia tasa –228 langabetu–.

Arrasateko INEMeko bulegoko arduraduna den Maria Elena Mondragonek esan du krisia oso agudo etorri dela. “Ez dakit beldurra den edo krisia den baina egunero jende mordoa etortzen da bulegora”, dio. Gaineratu du: “Gainera, enpresa ezberdinetako jendea etortzen da. Kontratua amaitu orduko etortzen dira langileak, 15 eguneko epean izan dezaketen deiei itxaron gabe. Lehen ez zen horrela izaten”. Azkenaldian ez dela horrelako egoerarik bizi esan du: “Orain arte denentzat egon da lana”.

EAEn eta Estatuan

EAEn eta Estatuan Debagoienean baino zerbait gehiago igo da langabezia tasa. EAEn %1,33ko igoera izan du langabeziak irailean eta Estatu mailan %3,7koa izan da igoera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak