Debagoienean 52 etxebizitza daude Bizigune programan sartuta

Arritxu Barruso 2007ko mar. 29a, 10:42
Bizigune, etxebizitza hutsen programaren inguruko autobus tematikoa, herriz herri dabil ekimen honi buruzko informazio zehatza eskaintzen. "Hutsik duzun etxea bizitzaz bete" horixe da Bizigune programaren autobusak herriz herri zabaldu nahi duen mezua.

Programa honen helburua da okupatu gabeko etxebizitzak hartu eta errenta babestuan jartzea, herritarren zati handi bati, eta bereziki gazteei, arrazoizko prezioa duen etxebizitza duinerako sarbidea errazteko.

Gure ibarrean Bizigune programa Suradesa enpresak kudeatzen du eta 52 etxebizitza daude dagoeneko alokairuan.

  • 19 Arrasaten
  • 9 Eskoriatzan
  • 8 Oñatin
  • 7 Bergaran
  • 6 Aretxabaletan
  • 3 Elgetan

Balorazio positiboa

Gure ibarrean guztira hutsik dauden etxebizitzen kopurua jakitea oso zaila da. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen datuak erroldaren araberakoak izaten dira. Hau da, etxebizitza bat hutsik dagoela kontsideratzen du baldin eta bertan inor erroldatua ez badago. Baina litekeena da inor erroldatuta egon ez arren etxebizitza hutsa ez izatea, ikasleak bizi direlako edo bigarren etxebizitza delako.

Bizigune programaren arduradunek balorazio positiboa egiten dute eta gure ibarrean autobusera jende ugari hurbildu dela diote. Bergaran, esaterako, 40 izan ziren programa horren berri jakiteko autobusera gerturatu zirenak.

Tramiteak arazo

Suradesako zuzendari, Luis Laskurainek dio arazo bakarra duela programa horrek. Ezinbestekoak diren tramiteek prozesua asko moteltzen dutela.

Izan ere, Bizigunen izena ematen duten etxebizitzak aztertu eta batzuetan konpondu egin behar izaten dira, eta gero maizterra topatu. Askok, gainera, atzera egiten dute azkenengo momentuan.

Eusko Jaurlaritzak dagoeneko 3,000 etxebizitza jarri ditu errentan  Euskal Herri osoan Bizigune proiektuaren bitartez eta 20 milioi euroko inbertsioa egin du horretarako. Maizterrak ordaintzen duen diru kopuruaren eta etxebizitzaren jabeak jasotzen duenaren arteko aldea Eusko Jaurlaritzak jartzen baitu. Etxebizitzetan premiazkoak diren konponketak egiten ere laguntzen du. Bataz besteko alokairua 250 eurokoa da eta etxebizitzaren jabeak jaso dezakeen gehiengoa berriz 600 euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak