Michael, I love you. Hitz horiekin agurtu zuen aretxabaletar batek Michael Jackson abeslaria Durana kalean ikusi zuenean. Pop izarra dagoeneko hilda dagoela jakingo ez bagenu, samurra izango litzateke pentsatzea abeslaria benetan Aretxabaletako kaleetan izan zela atzo eguerdian; limusina ederra eta guzti erabili zuen-eta. Baina, berpizteaz gain, biderkatu ere egin zen; izan ere, 9 Michael Jackson ibili ziren-eta gora eta behera.
Ez zen, baina, eguneko mirari bakarra izan atzoko egunean. Tiroldarrak ere Alpeak atzean utzi eta han izan ziren; ikusi genuenagatik, gainera, pozaren pozez. Agian ondoan zituzten garagardoek zerikusia izango zuten alaitasun horretan.
Bestalde, denboran ere pare bat aldiz egin genuen aurrera. Batetik, San Ferminak otsailaren 14an ospatu zituzten lehen aldiz. Iruñeako zaindariari abestu ostean, talde batek entzierroa korritu zuen, zezena eta guzti. Bestetik, Aste Santuko prozesioa ere izan zen, Gipuzkoako gotzain Jose Ignacio Munillak eta Madrilgo artzapezpiku Rouco Maria Varela gertutik jarraitu zutena.
Militarrak maniobretan
Espainiarekin lotutako erakundea ere izan zen; armada, hain justu ere. Tankearekin etorri ziren eta maniobrak egiten pasa zuten goiza militarrek; operazio berezia prestatzen ari zirela esan ziguten. Egia ote?
Barnealdeko lurretan ibiltzea baino, batzuek nahiago izan zuten kostaldean izatea. Ligakon San Migel txapelketako arraunlariak ez ziren oso fin ibili, trainerua ez zuten-eta larregi kontrolatzen. Eskerrak antolakuntzakoak ibili zirela jarraitu beharreko bidea markatzen. Gehiago entrenatu ezkero, ziur datorren urtean txapelketa irabazten dutela.
Papalonso aita santua
Arrasaten ere elizarekin egin genuen topo. Baina, Aretxabaletakoarekin alderatuta, parrandarako gogo gehiago zuten Vatikanotik iritsitakoak. Papalonso izeneko Aita Santuak eta bere lagun-taldeak arrasatearrei erakutsi zieten otoitz egiteaz gain, elizgizonek ere ederto pasa dezaketela; hori bai, garagardoa eskuan baldin badute, hobe. Dena dela, Arrasaten, parranda ez zen hasi Greziako Jainkoen Olinpoak herriko jaiak bedeinkatu zituen arte. Jarraian, desfilea hasi zen, 20 karrozekin.
Grease
Bestalde, Eskoriatzara 50eko hamarkadako musika bueltatu zen zapatuan, Grease film musikalaren eskutik. Film horretako Danny, Sandy, Rizzo, Kenickie eta besteek dantzan jarri zituzten plazan batu zirenak. Inguruan zeuden goi-mailako mendizaleak ere gorputza mugitzen hasi ziren, Greaseko abestiak entzun orduko.
Iluntzean
Bergaran, azkenik, goizean goizetik, jendea mozorrotuta zebilen. Eguerdirako giroa berotzen joan zen (nolabait esatearren), koadrila askok bazkaria egin zutelako. Iluntze partean mozorro pilo bat ikusten ziren: txikiak, gazteak eta helduak ere bai. Horien artean, baziren mozorro orijinalak eta sekula hutsik egiten ez duen jendea: ezinbestekoak.