Debagoiendarrak ondo Espainiako ziklo-kros txapelketan

Julen Iriondo 2010ko urt. 10a, 21:17
Jone Muxika elgetarrak lortu zuen postu onena, nahiz eta ez zen oso gustura geratu lasterketarekin. Zortzigarren izan zen Muxika. Gazte eta Elite mailetan eta Master 30 kategorian ere izan du ordezkaritza Debagoienak Laredon.

Espainiako txapelketako lehenengo hamarretan amaitu arren, Jone Muxika elgetarra ez zen oso gustura geratu lasterketarekin. Zirkuitua –3.353 metrokoa– ez zen bere gustukoa: "Laua eta bizkorra zen, azkar joatekoa. Aredun zatiak ere bazituen, eta ni ez naiz horrelako bideetan ondo moldatzen. Lokatza duten guneak gustatzen zaizkit niri. Barrutiak zituen bi putzuetan aurreratzen nuen jendea, baina areetan atzean geratzen nintzen berriro".
Muxika ez zen oso gustura mintzo, Espainiako txapelketetan beti antzera gertatzen ei zaiolako : "Horrelako zirkuituekin ez naiz motibatzen eta nekatu gabe amaitzen dut beti. Gauza bakarrarekin nago pozik, egin dudan irteerarekin, normalean baino dezente hobea egin dut-eta" .
Lesio bat gainditzeko bidean, Elgetako txirrindulariak ez zuen sasoi betean korritu zapatuan; azkenean, Rocio Gamonal asturiarrarengandik –irabazlea– bost minutu pasatxora amaitu zuen.
Laredon jokatutako Espainiako txapelketan, gazte mailako lasterketan izan zuen Debagoienak ordezkaritza zabalena: Mikel Aristi (24.), Ion Rivero (45.) eta Hodei Orobengoa (54.) bergararrek eta Iker Mugarza (33.) oñatiarrak hartu zuten parte. Aristik Jon Ander Insausti irabazlearekiko lau minutura amaitu zuen lasterketa. Lan polita egin zuten lauek, nahiz eta irteeran atzean egon eta erraza izan ez aurretik zituztenak pasatzea.
Elite mailan ere izan zuen ordezkaririk gure ibarrak; Zigor Urain eta Iñigo Roldan arrasatearrak aritu ziren lehian kategoria nagusian. Urainek 30. eta Roldanek 36. amaitu zuten, Javier Ruiz de Larrinaga –irabazlea– arabarrarengandik 5'53" eta 7'24"ra, hurrenez hurren. Hauei ere gazte mailakoei moduan gertatu zitzaien; 80-90 laguneko tropelaren atzealdean irten ziren, eta txirrindulari asko aurreratu behar izan zituzten ondorioz. Azkenik, Roberto Zugasti oñatiarra 19. izan zen Master 30 kategorian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak