Debagoienak ere sexu-biolentzia jasaten duten emakumeak gogoratu zituen atzo

Leire Kortabarria 2007ko aza. 26a, 09:49
Debagoienean ere igarri zen Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, atzo, domeka; izan ere, ekitaldiak izan ziren hainbat herritan.

Arrasaten, Emakumeenganako Indarkerian Kontrako Plataforma dago, eta hark deituta egin zituzten mobilizazioak, Emakume asko falta dira: erailak izan dira, eta zuri bost axola? leloarekin. Atzo, domeka, egin zuten ekitaldi nagusia, elkarretaratzea, alegia, 19:00etan, plazan. Aurten, hainbat daturekiko arreta deitu zuten: besteak beste, Espainiako Gobernuak emandako indarkeriaren aurkako legeak dituen hutsuneetaz ohartarazi zuten.

Oñatin, Antzuolan, Aretxabaletan eta Bergaran ere egin zituzten elkarretaratzeak edo egun horrekin lotutako bestelako ekintzak ere.

Bilgune feminista

Bestalde, Arrasateko Bilgune Feministak ere balorazio bat egin du. Besteak beste, esan zuen "emakumeok maila guztietako erasoak pairatzen" dituztela, ez bakarrik tratu txarrak; eta egoera hori "diskriminazio historikoaren eta eskubide gabeziaren" ondoriotzat jo zuten, "jendartearen beraren izaera patriarkalarena, hain zuzen". "Emakumeen aurkako indarkeria emakumea kontrolpean edukitzeko modua izan da beti", diote. Horregatik, "indarkeriaren arazoa estrukturala da eta erantzunak, beraz, integrala izan behar du. Ez ditugu neurri penal eta asistentzialak bakarrik behar, emakumeon eskubideak eta betebeharrak aldarrikatu behar ditugu". "Bizi duguna denon arazoa dela ikusarazi behar diogu jendarteari", diote, azkenik.

Tratu txarren aurrean laguntzeko gida bat jaits daiteke orain sakelako telefonoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak sakelako telefonoan deskargatzeko laguntza gida bat prestatu du, tratu txarren kasuan nola jokatu jakiteko. Bluetooth sistemaren bidez, doan, edo 5195 zenbakira EVA edo EBA testu mezua bidalita jaso daiteke gida hori. Zazpi aukera dituen menu baten inguruan egituratuta dago: Tratu txarra ematen dizu…; Nora jo; Erasoaren aurrean…; Hartu aurrea; Baliagarri izango zaizu…; Salatzen baduzu…; eta Telefonoak. Gida aurkezteko eta doan jaisteko kanpaina hasi du orain Aldundiak, eta Arrasatera ere etorriko da, datorren egubakoitzean, Seber Altuben plazan, 16:00etatik 20:00etara, karpa baten.

BEKEren sariketako irabazlea hautatu dute

Bergarako Emakumeen Kultura Elkarteak (BEKE) atzoko egunaren harira antolatutako kartel lehiaketako sariak banatu zituen atzo. Aurtengo irabazlea Eneritz Tirados arrasatearra izan zen. 200 euro irabazi ditu Tiradosek. Aipamen berezia egin diote Aratz Losada oñatiarrak egindako kartelari. Orain, lehiaketara aurkeztutako 21 kartelak erakusketan ikus daitezke, Pol-Polen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak