Debagoienak ere izango du bere txokoa Fiturren

Txomin Madina Milikua 2008ko urt. 30a, 17:31
Igandera arte egongo da zabalik Madrilen munduko turismo azokarik garrantzitsuenetakoa, eta Debagoienako ordezkariak egongo dira bertan ibarreko turismo eskaintza erakusten.

Mundu mailan turismoaren inguruko azoka nagusienetako da gaur, eguaztena, Madrilen ireki den Fitur, eta aurreko urteetan bezala,  Debagoieneko turismoa sustatzeko gunea ere jarri dute bertan. Eusko Jaurlaritzaren erakustokian egongo da berau, Gipuzkoari eskainitako atalean.

Iaz Arrikrutzeko kobak izan ziren protagonista, eta duela bi urte Ignaziotar Lurraldeak izeneko proiektua. Ana Heriz Mankomunitateko turismo teknikariak azaldu duenez, aurten ere hauek izango dira ardatza, baina gainerako eskaintzak ahaztu gabe, besteak beste, kultur edota mendi ibilaldiak.

Igandera arte

Ernesto Murgiondo Oñatiko turismo zinegotzia eta Ikerne Altube, Oñatiko Turismo eta Garapen Agentziako arduraduna izango dira Debagoieneko ordezkariak Madrilen. Gaurtik igandera arte egongo da zabalik Fitur: hamabi pabilioi hartzen ditu azokak eta 13.290 enpresa bilduko dira bertan. Egun hauetan guztietan, sektoreko profesionalez gain, kaleko jendea ere pasako da azokatik.

Herizek esan du, Debagoieneko turismoarendako akaso baliagarriagoak direla gertuago ditugun turismo azoka txikiagoak, baina Fiturren egoteak epe luzera bere emaitzak ematen dituela ere gaineratu du. Hala, azaldu du Debagoiena bisitatzen dutenen kopurua apurka apurka handitzen ari dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak