Taldeka zein bakarka, giro aparta eta alaia sortu zen Oñatin, eta haurrak oso urduri egon arren, izugarri ondo pasatu zuten.
Arantzazu Ugarte eta Maite Albes izan dira haurren koreografiaz arduratu direnak; lan gogorra egin dute, kontuan hartuta talde bakoitzari dantza bana prestatu behar izan diotela. Abestutako abesti guztiak euskarazkoak izan ziren, rock, pop, edo ska estiloa jorratuz.
Karaoke ikuskizunean parte hartzeko izenematea ekainean ireki zuten Goiena Komunikazio Zerbitzuek. Orduan, talde bakoitzarentzat, abestia aukeratu eta CD bat eman zitzaion, udan entseatzeko aukera izan zezaten.
Hala, irailean hasi eta aurreko astera arte, entseatzen ibili dira, dantza lokaletan, musika eskoletan, ikastetxeetan eta udal lokalen baten ere bai. Eta igarri zen, gainera, aurrez prestatzen ibili izan zirela, artista ugari ikusi genituen-eta zapatu eta domekan Oñatin. Esaterako, Itoiz taldearen Lau teilatu abestia ikaragarri ondo abestu zuen lau neskako taldeak, Amaia Monteroren parera.
Ez da lehiaketa
Iker Barandiaranek, Kantarin erregidore lanetan dabilenak, adierazi zigun Kantariren ezaugarri nagusiena lehiaketa ez izatea dela. "Karaoke ikuskizuna besterik ez da, jendeak ondo pasatzeko, kantua bultzatzeko eta lagunartean esperientzia ahaztezina izan dezaten", azaltzen du Barandiaranek. Garrantzitsuena parte hartzea da; nahikoa lehia duen XXI. mendean, parte hartzera bultzatzen dituzte umeak, lehiaketa nahikoa baita bizitza.
Hurrengoa, noiz?
Datorren aste bukaeran, Eskoriatzako HUHEZI fakultatean egingo da Kantari ikuskizuna. Azaro hasierako zubia jai izango dute. Gero, azaroaren 10ean eta 11n, Arrasateko amaia Antzokian eta, hurrengo Bergarako Jam aretoan izango dira. Gertutik jarraituko dugu Amaia Txintxurreta eta taldea; izan zuen harrera beroa izanda, seguru hurrengoak ere sekulako ikuskizuna izango direla.