Datozen urteotan zortzi industrialde berri eraikiko dira Debagoienean

Mirian Biteri 2008ko api. 4a, 11:01
Guztira 26 gune Aramaion eta Leintz Gatzagan izan ezik, bailarako gainontzeko herrietan askotariko zabalera duten 26 industrialde nagusi daude. Bergaran Larramendi poligonoko lanak martxan dira Gabonak ezkero eta Udalak epe laburrera Mekolalde eta Ipiñarri guneak egiteko asmoa du. Oñatin Industrialde berriak beteta daude eta Amestoi, Zugaztui eta Urbietako guneak egin behar dituzte; eremu industriala agortuta dago.

Debagoienean industria asko dagoela jakina da. Enpresak edonon ikus daitezke bailarako herri gehienetan. Aramaion eta Leintz Gatzagan ez ezik, gainontzekoetan industrialdeak daude; udalerri txikienetan ere, eremu bat baino gehiago aurki daiteke. Horietatik batzuk Debagoieneko Industrialdea SA bultzatuak dira.

Arrasaten, Garaia

Arrasatek sei gune nagusi ditu. Horietatik, mugimendu handien dutenak Markulete eta Garaia Berrikuntza Guneak dira. Lehenengoan, bigarren fasearekin dabiltza eta bigarrenean, apurka doaz enpresa berriak sartzen. 
Udaleko Hirigintza Saileko Arantxa Sanzek jakinarazi duenez, epe laburrean ez dute industrialde handirik jartzeko asmorik. "Dagoeneko finkatuta dauden enpresak eraikin berriak egiten ari dira, baina besterik ez dugu egin behar oraingoz". Bada, Plan Orokorrak Emaldi inguruko, Matz-Errekako eta Zalduspeko industria-maparen berrantolaketa aurreikusten du. 

Bergaran, Larramendi

Bergaran ere, azkenaldian, gune asko garatu dira eta egun, Larramendikoa egiten ari dira. Eusko Jaurlaritzako Sprilur dabil hori bultzatzen. "Urte batzuetan garatuko den gune industrial garrantzitsuenetarikoa izango da. Guztira, 300.000 bat metro karratu izango ditu", dio Hirigintza teknikari Joseba Aizpuruk. Gabonak ezkero urbanizazio lanekin dabiltza; bi urte iraungo dute.
Udala Plan Orokorrarekin bueltaka dabil; hor beste egitasmo batzuk aurreikusita daude. Hori oraindik onartu barik dagoela eta, beraz, aldaketak izan ditzakeela dio. Oraingoz, industrialdeak egiteko bi kokapen daude: Mekolaldeko auzogunea eta Ipiñarri zerrategi ingurua.
Aizpururen esanetan, nahiko ondo saltzen ari dira pabiloiak Bergaran: "Batzuei gehiago kostatzen ari zaie egoeragatik edo kokapenagatik, baina azpiegitura aldetik ondo gaude, eta horrek ere laguntzen du". Beasain eta Durango lotuko dituen autobideak, gainera, erraztasunak emango dituela uste du.

Oñatiko lehentasuna

Oñatin ere industrialde asko egin dira eta Hirigintza zinegotzi Angel Biainek esan duenez, norabide bera jarraitzeko asmoa du Udalak: "Azken bost urteetan poligono berriak egin dira eta Migelenakoa, esaterako, beteta dago dagoeneko".
"Guretako industria lehentasuna da. Badakigu oso zaila dela kanpoko enpresak ekartzea, baina herrian daudenak mantentzen ahalegintzen gara. Hori lortzen ari gara", aipatu du. Horri erantzuna emateko, Amestoiko, Zugaztuiko eta Urbietako eremuak eraikitzen hasiko dira laster. Azken horretan hasi dira dagoeneko urbanizazio lanak egiten. Hamabi industria-nabe aurreikusita daude harako.
Horrez gain, bi industrialde gehiago egiteko asmoa dago. Baina horien berri emateko goiz dela dio Biainek.

Aretxabaletan, arazoak

Aretxabaletan aspaldian ez da ezer egin eta orain, Udalak industria-mapa berrantolatu nahi du. Gaur egun herrian dagoen industria eremua tokitik atera nahi du. Herritarrak egungo industriaren kokagunearekin kezkatuta daude eta Udalari jakinarazi diote. Hirigintza zinegotzi Edorta Mendietaren ustez, "arazo bat dago: herria handitu egiten dela eta Basaben etxeak eta lantegiak bata bestearen gainean daudela".
Erdigunean, diseinu, teknologia eta zerbitzu arloetako enpresak jartzearen alde dago. Berrantolaketa horren bidez enpresa asko mugitu beharko lirateke, hala nola MCC taldeko Copreci. 

Eskoriatzan, Zorretan

Debagoieneko gainontzeko herrietan  ez bezala, Eskoriatzan arduratuta daude, Torrebaso industrialdean dauden pabiloiak eta bulegoak saltzen ez direlako.
Eskoriatzako Industrialdea SAren egoera "oso txarra" dela onartu du Udalak. Azken urteetan oso salmenta gutxi izan dira eta ondorioz, 3,5 bat milioi euroko zorra du. Hala, egoera horri buelta emateko, aterabideak pentsatzen  jardun du Udalak. 
Martxoan Eskoriatzako Industrialdea SAko administrazio kontseiluak batzarra egin zuen horren harira. EAE, EAJ, EA eta EBko udal ordezkariek eta SAko gerente Clemente Belokik osatzen dute. Batzarrean hainbat proposamen egin ziren: gerente lanpostua kentzea; eskaintzaren gaineko publizitatea egitea; eta industrialdea Debagoieneko industrialdeekin elkarlanean kudeatzea. Proposamen horiek apirileko Udaleko osoko bilkuran eztabaidatuko dira.

Antzuolan, itxoiten

Antzuolari dagokionez, industria betidanik "inportantea" izan dela esan du hango alkate Pedro Iturbek. Hala, aspalditik enpresa txikiak bilduko dituen industrialde berria egiteko egitasmoa dagoela aipatu du, Deskarga inguruan: Ipurtikan. Baina ingurumen aldetik oztopoak egon daitezkeela ohartarazi du.
Gauzak horrela, Sprilurrekin jarri dira harremanetan, horri leku alternatiboak bilatzeko asmoz. Herritik gertu bi tokitan daude eremu industrialak: Matz-Erreka kooperatiba ondoan eta, Bergaratik joanda, Antzuolako sarrera ondoko lurretan. "Eremu txikiak badira ere, kontuan hartzekoak dira", azaldu du Iturbek. Sprilurren txostenaren zain daude udaletxean. Hilabete barru iritsiko dela espero dute.

Elgetan, salgai

Elgetan ere indartsu dabiltza. Pagatzako bigarren fasea bukatu zuten 2006an. Hasierako 100.000 metro karratuei beste 81.000 gehitu zaizkie. Dagoeneko enpresa handi bat dabil hor lanean, Surfesa, eta txikiagoak diren beste bi eraikitzen ari dira.
Gainera, herrian, Berraondokua eta Bergararako bidean Iburuerreka poligonoak daude. Bere garaian industria jarduera ekonomikoa izan zen azken horretan; baina gaur ez dago mugimendurik han. Oraingoz, Udalak ez du eremu gehiago bultzatzeko asmorik, Pagatzan oraindik partzelak daude-eta saltzeke.

Aramaion, Plan Orokorra

Aramaion ez dago gunerik. Hango alkate Asier Agirrek azaldu du han ere Plan Orokorrarekin dabiltzala: "Hemendik urte eta erdira onartuta egongo da eta horrek industrialdea izango du markatuta". Horren ezaugarriak zehazteke daudela dio eta gehitu du helburua dela herriko jarduera ekonomikoen kokalekua izatea eta herri gunetik hurbil egotea.
Leintz Gatzagan, azkenik, ez dute eraikitzeko asmorik. Egun  ez dago lantegirik; Jakion kontserben enpresa baino ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak