Jaialdia bai, baina beste eredu batekin
Jaialdiaren etorkizunari buruzkoa zen atzoko batzarreko puntuetako bat. Eztabaidan izan zituzten bi ikuspuntu, datozen urteetarako festa ikusteko bi modu desberdin, bi eredu.
Zenbait herritako ordezkariak Mundumirarekin jarraitzearen alde azaldu ziren, markaren jabeekin negoziatzen saiatuta, aurrekontua egungo egoera ekonomikora egokitzeko eta festa bailarako herri guztietara eramateko konpromisoa har zezaten, besteak beste. Udalok beharrezko ikusten dute jaialdia, ez bakarrik kanpoko jendea erakartzeko duen gaitasunagatik, bertako herritarrei ere eskaintzen dien aukeragatik baizik.
Udaletako ordezkarien gehiengoa, baina, jaiaren orain arteko formatuarekin ez jarraitzearen alde agertu zen. Horrek ez du esan nahi, dena den, antzerako ekimenik ez denik egingo datozen urteetan Debagoienean. Mankomunitatea jaialdi bat prestatzearen alde agertu zen, baina beste eredu batekin, eta horren gaineko hausnarketa garaia irekitzea erabaki zuten.
Mundumirarekin ez jarraitzearen alde agertu ziren herrietako ordezkariek hainbat argudio eman zituzten euren jarrera argudiatzeko, bailarako herri txikietarako formatua egokia ez izatea edo festaren aurrekontua, esate baterako.
Mundumira beste bailararen baten
2005 urtean hasi zen Euskal Herria aldizkariaren eta Debagoieneko Mankomunitatearen arteko elkarlana. Arrasaten egin zuten duela lau urte lehenengo edizioa, eta ordutik udaberriko hitzordu finkoa izan da debagoienean Mundumira. Oñatitik, Aretxabaletatik eta Bergaratik pasatu ostean, aurtengo maiatzean Eskoriatzan egin da musika, kale animazioa, natura, gastronomia eta elkartasuna zutabe dituen festa. Azken edizio hau ere arrakastatsua izan da. Toki desberdinetako milaka lagun ibili ziren antolatutako 50 ekitaldietan, 8.000 pertsona batu zituen, adibidez, Macaco talde kataluniarraren kontzertuak.
Mundumira, beraz, ez da aurrerantzean Debagoienean egingo. Hala ere, litekeena da Euskal Herriko beste bailara batek hartzea gurearen lekukoa, bat baino gehiago omen dira-eta eskaria egin dutenak.