Datorren egubakoitzean hasiko da 2007ko errenta kanpaina

Mirian Biteri 2008ko api. 11a, 10:45
Errenta aitorpenak aurkezteko epea hilaren 18an hasiko da eta datorren ekainaren 25ean bukatuko da. 374.00 bat aitorpen egingo direla aurreikusi du Gipuzkoako Diputazioak; 283.000 aitorpenetan dirua itzuli beharko du erakundeak. Badira kontuan hartu beharreko beste hainbat data: auto-likidazio proposamenak onartzeko epea apirilaren 14an zabalduko da, datorren astelehenean, eta maiatzaren 9ra bitartean luzatuko da; eta errenta mekanizaturako hitzordua hilaren 17tik ekainaren 15era eskatu ahal izango da. Auto-likidazio proposamena jasoko duzun edo ez kontsulta zenezake Internetez.

Zortzi teknikari Bergaran

Joan zen urtean Gipuzkoako Ogasunak Bergaran duen bulegoan 8.315 errenta aitorpen mekanizatu egin ziren. Bulego horretako arduradun Miren Pozuetak jakinarazi duenez, "aurtengo kanpainako datuak antzekoak izatea espero dugu". Bulegoa astelehenetik zapatura, 08:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta beraz, ordutegi horretan errenta aitorpena egiteko aukera izango dela azaldu du. Zortzi teknikarik jardungo dute zeregin horretan ekainaren 25era arte. Horiez gain, koordinazio lanak egiten dituen pertsona bat izango da Bergarako bulegoan. Prestaketa lanak direla eta, eta formazio ikastaroekin lanpetu samar dabil egunotan talde hori.

Hori guztia Bergarako bulegoari dagokio. Baina, jakina denez, errenta aitorpena egiteko beste bide batzuk ere badaude, hala nola, norberaren finantza-entitatearekin edo Internet bidez.
Horren harira, aurtengo errenta kanpainari begira, Gipuzkoako Foru Aldundiak informazio orokorragoa eskaini du. Aurten, guztira, 374.000 errenta aitorpen inguru egingo direla uste du erakundeak. Kopuru horretatik, 283.000 aitorpenetan Diputazioak zergadunei dirua itzuli beharko diela aurreikusten da. Hala, 322.566 milioi euro itzuli beharko dituela aipatu du. Gainontzeko 91.500 aitorpenetan herritarrak izango dira Diputazioari dirua eman beharko diotenak. Hortik 177.422 milioi euro jasotzea espero duela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Auto-likidazioa erabiliena

Errenta aitorpenak aurkezteko hainbat modalitate daude. Gipuzkoako Ogasun eta Finantza Departamentutik azpimarratu dute zergadunen artean, auto-likidazioaren modalitateak oso harrera ona duela. Gehien erabiltzen dena auto-likidazio proposamenarena da. Dagoeneko hasi dira proposamenak zergadunen etxeetara bidaltzen. Aurten,  guztira, 176.011 proposamen bidaliko ditu; alegia, errenta aitorpen guztien %47. Horietatik, 135.744 zergadunen aldekoak izango dira eta 40.276 foru erakundeari ordaindu beharrekoak.  

Proposamena zuzena bada eta zergadunak onartu nahi badu, 902 100 040 telefono zenbakira deitu beharko du; Internet bidez ere egin ahal izango du, NIF eta proposamenak dakarren pasahitza sartuz.

Auto-likidazio proposamena onartzen ez duenak errenta aitorpena egin beharko du, beste modalitate bat aukeratuz. Joan zen urtean, Diputazioak 159.105 proposamen bidali zituen  eta 131.071 onartu ziren. Alegia, bidalitakoen %82,4.  

Bestetik, errenta mekanizatuaren modalitatea aukeratu dezake zergadunak. Alegia, Foru Ogasuneko teknikarietako batek aitorpena egiten lagunduko duena. Gipuzkoa guztian, hamaika bulego daude; horien artean, Bergarako Ogasun bulegoa. Modalitate hori egiteko, hitzordua eskatu behar da aurrez, telefonoz edo Internet bidez. NAN zenbakia eskatuko zaie erabiltzaileei hitzordua eskatzerakoan. Bergarako bulegoko arduradunak Internet erabiltzeko deia egin du. "Telefonoz egin nahi duenak jakin behar du programa informatiko bat aterako zaiola. Internetez asko errazagoa eta azkarragoa da". Errenta mekanizatuak astelehenetik zapatura bitartean egin ahal izango dira esandako bulegoan, 08:00etatik 14:00etara. Ekainaren 15ean amaitzen da hitzordua eskatzeko epea.

Aurkeztu beharrekoa

Herritarrek ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute bulegoetan: sarreren, gastuen, murrizketen eta kenkarien ziurtagiria eta titularraren kontu korrontearen 20 digituak.
Horrez gain, disketean edo paperean ere egin daiteke, Ogasuneko egoitza nagusian, zerga-bulegoetan edo finantza-erakundeetan. Internetek ere errenta egiteko aukera eskaintzen du, han azaltzen diren bideak jarraituz. Kasu horietan, norberak egin behar du errenta aitorpena.
Kenkarien kasuan, Diputazioak aipatu du aurtengo kanpainan 210.000 bat gipuzkoarrek familiagatik, 146 milioiko kenkariak izango dituztela; etxebizitzagatik, 144.000 zergadunek 150 milioikoak eta 220.000 lagunek 510 milioikoak.

Familia kenkarien gainean, gogoratu beharra dago seme-alabak nahiz mendean izandako pertsonengatik kenkariak daudela. Lehenengo umeagatik 500 euroko kenkaria aurreikusita dago; bigarrenagatik 600; hirugarrenagatik 1.000; laugarrenagatik 1.200 eta ondorengoengatik 1.600 euro. Horrez gain, sei urtetik beherako seme-alabak dituztenek 300 euroko kenkaria izango dute. Norberaren kargura dituzten pertsonengatik 700 eta 1.500 euro arteko kenkariak dira, mendekotasun mailaren araberakoa.

Nork aurkeztu behar du?

Bestalde, esan beharra dago Gipuzkoan bizi diren eta zergari lotuta dauden etekinak jasotzen dituzten herritarrak daudela errenta aitorpena egitera derrigortuta. Alegia, lanaren etekinak, kapital higigarrien etekinak, ondasun higiezinen alokairutik izandako etekinak edo ondasun horien titularitateak emandakoak, jarduera ekonomikoen etekinak, ondare irabazi eta galerak eta errenta eragozpenak sartzen dira azken horren barnean.

Hala ere, salbuespenak daude. Zergadunak ez daude behartuta zergaren auto-likidazioa aurkeztera lortutako errenten jatorria honako hau denean: kapitalaren etekin gordinak, salbuetsiak barne, eta ondare irabaziak, batera hartuta horien urteko kopuru gordina 1.600 eurokoa baino handiagoa ez denean; lanaren etekin gordinak, urteko 9.000 euroko mugapean banakako tributazioan; eta 9.000 eurotik gorako eta 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak urtean, bana aitortzekotan. Baina, erregelamenduz arautzen diren egoera jakin batzuetan behartuta egongo dira zergadunak. Esaterako, 2007 jardunaldian kontratu bat baino gehiago nahiz kontratua berritu edo luzatu duena derrigortuta egongo da errenta aitorpena egitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak