Hiru lan guztira
Taldeko arduradunen esanetan "Europako hiru koreografok mugimenduz eta kemenez agertokia beteko dute, dantzarien bertute fisiko eta interpretatiboez baliatuz". Ikuskizunak ordubeteko iraupena izango du. Ingalaterra, Frantzia eta Holandako sentikortasun ezberdinak erakutsiko dizkigute dantzariek. Jaar Eden (Eden Ibaia) izango da lehena. 15 minutuko iraupena izango duen lan honetan, bi dantzari Jaar Eden ibaia ureztatzen duen iturburuaren bila joango dira. Gai ugariri buruz galde egitera eramango dituen arakatze lan bat da: egunerokotasuna, euren emozioak, oroitzapenak... Aldi berean, Edenari buruz eta bizitzaren sorburu den iturriari buruz orain dugun ideiaren irudikapena ulertzera gonbidatzen gaitu, gure fantasiez eta sinismenez soilik betetako lorategi batean, gizakia bertatik erbesteratu zutenetik. Naturaren bidez gure izateari buruz galde egiten duen lana da. Bigarren lana, Songeurs (Amesgileak) deitzen da. Lan horrek ere 15 minutuko iraupena izango du. Hiru gizonezkoendako egokitutako lana da eta beraien unibertso onirikoan sartzea proposatzen digu lanak. Azken lana Earth apples (Lur sagarrak) izenekoa da eta ikuskizunari izena ematen dio. 18 minutuko iraupena izango du eta lan horren koreografo Itzik Galiliren esanetan "koreografia hau sei emakumezko dantzarik eta gizonezko dantzari batek interpretatuko dute, eta elkartu egingo dute euren gaztetasuna lurraren antzinako jatorriekin".