Danobat Taldeak 35 enplegu kualifikatu sortuko ditu Bergaran

Usoa Agirre 2008ko abe. 3a, 20:11
Bergaran 10.000 m2-tik gorako instalazio berri bat eraikiko Danobatek; 2009ko martxoan inauguratzea aurreikusten dute. Instalazio berri horretan hasieran 60 langile izango dira eta 35 enplegu kualifikatu berri sortuko direla aurreikusi dute. Bestalde, Danobatek 50 milioi eurotik gorako eskaera bat lortu du Errusiako salgai-bagoien lehen fabrikatzailea den TVSZ errusiar enpresaren eskutik. Espainiako makina-erremintaren sektorean errekor historikoa jarri du kontratuak. Danobat Mondragon Taldearen barruan dago.

Danobat Taldeak Danobat Railway Systems ingeniaritza enpresa eratu du. Enpresa horren funtsezko jarduera trenaren errodadura sistema osatzen duten piezak fabrikatu eta mantentzeko ekipamendu eta linea automatikoak garatu eta merkaturatzea da.

Jarduera berri horrek ekarri du, alde batetik, ingeniaritzaren eragin handia duten fabrikazio lineak diseinatu eta ezartzeko gai diren pertsona kualifikatu ugari eurenganatzea; eta, bestetik, Bergaran 10.000 m2-tik gorako instalazio berri bat eraikitzea, linea horiek muntatzeko eta prest jartzeko.

50 milioiko eskaera

Danobatek 50 milioi eurotik gorako eskaera bat lortu du Errusiako salgai-bagoien lehen fabrikatzailea den TVSZ errusiar enpresaren eskutik.

Espainiako makina-erremintaren sektorean errekor historikoa jarri duen kontratu hori, treneko ardatz muntatuak fabrikatzeko linea erabat automatizatu eta malgu bat diseinatu eta eskaintzean datza. Linea 24 makinak osatzen dute, prozesu guztiak ordenagailuz kontrolatuta daude eta piezak manipulatzeko sistema bat du, gizakiaren esku hartzerik behar ez duena. Halaber, 17 makinak osaturiko 3 zelula robotizatu ere entregatuko dira, trenentzako bogie-ak fabrikatzeko erabiliko direnak.

Azken urteotan, Danobat Taldea eremukako espezializazio estrategia bat garatuz joan da, bere produktuak aeronautika, trenbidea, energia eolikoa, eta halako sektore zorrotzen beharretara egokituz. Hala, Danobaten bezeroen artean, enpresa hauek aipatuko ditugu: Rolls Royce, General Electric, Alstom, Siemens, Bombardier eta Gamesa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak