Burrunba eta danbatekoak berriro entzungo dira Elgetako Espaloia Kafe Antzokian urritik aurrera. Izan ere, Danbakaren laugarren edizioa martxan jartzear da. Beraz, laster inguruko bailaretan azken bi urteetan sortu diren proposamen musikal berriak ezagutzeko parada ezin hobea izango dugu.
Lehiaketa martxan jartzeko, ordea, lehenbizi partaideak behar ditu Danbakak. Horretarako, gaurtik, izen eman daiteke irailaren 17ra arte.
Debagoieneko musikariak elkarrekin lehiatzeko sortu zuen Goiena Komunikazio Kooperatibak Danbaka 2004an. Baina 2008ko ediziotik, Debabarrena eta Durangaldeko taldeak ere bere baitan hartzen ditu, "Debagoieneko taldeei pizgarri bat emateko, euren buruak gainditzeko" azaldu du Iker Barandiaranek, lehiaketako antolatzaileetako batek.
Eskualdeko komunikabideek ere jarraipen zuzena egingo diete lehiaketa eta taldeei. Musikarientzat euren musika zabaltzen hasteko aukera ona da Danbakakoa, eta hori ere pizgarri izan daiteke. Goienkariak, Goiena Telebistak, Arrasate Irratiak edo Goiena.net hedabideetan lehiaketaren berri bertatik bertara emango dute. Hala, "Elgetara igo beharrik gabe kontzertuez gozatu ahal izango da, irrati eta telebistak emango dioten hedapenarekin" dio Barandiaranek. Danbakaren webgunean izena ematen duen talde bakoitzaren fitxa bana ere egongo da, euren informazio eta musikarekin. Era horretan, kontzertuetara joan aurretik musikarien lanak ezagutzeko parada egongo da.
Ikusleen parte-hartzea
Lehiaketan ezin izango du edonork parte hartu, denek bete beharko dituzte baldintza zehatz batzuk. Era horretan, taldeko kideren bat gutxienez Debagoiena, Debabarrena edo Durangaldekoa izan beharko du, eta taldeak ezingo du indarrean kontratu diskografikorik izan. Baldintza horiek, eta gainerako oinarriak Danbakaren webgunean dituzue.
Izena ematen duten talde guztiek ez dute lehiaketan parte hartuko ordea. Horietatik hogeik joko dute lehiaketan, 19 epaimahaiak hautatuta. Talde horien izenak urriaren 4an emango dituzte aditzera, eta falta den gainerako taldea ikusleek aukeratuko dute. Urriaren 8ra arte izango dute horretarako aukera, eta Internet bidez emango da bozka.
Hogeigarren taldea aukeratzeaz gainera, ikusleen saria ere egongo da. Hala, Internet bidez botoa emateaz gainera, Espaloia Kafe Antzokira bertara joaten direnek ere euren epaia eman dezakete. Azken aukera horrek izango du saria aukeratzeko garaian pisurik handiena.
Bideoklipa egiteko saria jasoko du Debagoieneko talde onenak
Gaztelupeko
Hotsak diskoetxearekin elkarlanean, disko bat argitaratzeko aukera
edukiko du Danbakako garaileak, orain arte izan den moduan.
Debagoieneko talde onenaren saria ere badago, 2008ko edizioaz geroztik;
eta diskoa grabatzeko baino, bideoklip bat grabatzeko aukera edukiko
dute aurten lehenengo aldiz. "Musikan gero eta indar handiagoa hartzen
ari dira ikus-entzunezkoak, eta horregatik hartu dugu hautu hori"
azaltzen du Iban Arantzabal Danbakako antolatzaileak. "Bideokliparen
zabalkundea era askotakoa da gainera, youtuben, norbere blog edo
webguneetan, telebista lokaletan... gaur egun musikaz gain irudia
ematea ere eraginkorra da oso. Eta zer esanik ez jendartean
ezagutarazten hasteko", zehazten du.
Danbakako emanaldiak
- Urriaren 22an, egubakoitza
- Azaroaren 5ean, egubakoitza
- Azaroaren 19an, egubakoitza
- Azaroaren 26an, egubakoitza
- Abenduaren 17an, egubakoitza
Finala
Urtarrilaren 14an, egubakoitza
Kontzertu guztiak Elgetako Espaloia Kafe Antzokian izango dira, 22:30ean.