"Talde kopuru ederra izan dugu eta pena izan da kalitate onekoak kanpoan geratu izana; bestalde, oso maila handiko taldeek hartu dute parte. Horretaz gain, nabarmentzekoa da lehiaketak izan duen harrera jendearen aldetik; jende asko hurbildu da aurten ere Elgetara eta, finalekoa sekulakoa izan da" dio Iker Barandiaranek, Danbakako koordinatzaileak.
oso talde onak
Barandiaranen esanetan, lehiaketarendako oso positiboa izan da esparru geografikoa zabaldu izana: "Debagoienetik kanpo talde interesgarriak hurbildu dira eta Debagoienekoak ere ideia berriekin eta ondo prestatuta aurkeztu dira". Era berean dio, talde hasi berri, txiki edo ezezagunek profesionaltasun handia erakutsi dutela. Bestetik, lehiaketa esparruz zabaldu izanak ekarri du Danbaka Euskal Herrian are eta ezagunagoa bilakatzea: "musika adituek, komunikabideek, musika taldeek eta zaleek ondo berba egiten dute Danbakaren gainean" dio Barandiaranek.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkie lehiaketara aurkeztu ziren taldeei, "parte hartu zutenei zein kanpoan geratu zirenei"; lehiaketa aurrera eroateko lanean jardun duten guztiei; epaimahaiko kideei; etxe eta erakunde babesleei, "haiengatik ez balitz ezinezkoa izango bailitzateke Danbaka"; ikus-entzuleei; eta baita hedabideei ere".
Gonbidatu ugari
Finala ikusgarria izan zen, musika emanaldia baino gehiago, ikus-entzunezko ekitaldi ederra. Aretoa ia bete egin zen 500 lagunetik gertu, eta gonbidatu berezi ugari hurbildu zen bertara. Musikarien artean: Josu Zabala, SA taldeko Jimy, Goseko Ines eta Osoron, Xabi Solano, Juan Sangre Ekonekoa, Belcebluesekoak...; Nerea Alias, telebistako aurkezlea; Pablo Cabeza eta Inaxio Esnaola kazetariak... Bestalde, aurkezpen lanetan bikain jardun zuten Maider Arregik eta Oihan Vegak.
The Wet Band
Irabazle nagusia Mutrikuko The Wet Band izan zen, hark eroan zituen-eta publikoaren saria (1.300 euro) eta lehen saria (diskoa grabatu eta argitaratzea); beste saria, Debagoieneko talderik onenarena, Bergarako Adi Holdenek eroan zuen (diskoa grabatu eta argitaratzea). Gaueko beste bi taldeak ere ederto: Norman, zoragarri, saririk eroan ez arren, merezi izan zuten hauek ere, eta Petti, maisuen pare sekulako emanaldia eskaini zuen.