Guztia prest dago IV. Danbaka musika lehiaketako lehenengo kontzerturako. Gaur Elgetako Espaloia Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan aditzera eman dute Danbakan parte hartuko duten hogei taldeek noiz joko duten zuzeneko emanaldia.
Sariak
Aurtengo edizioan bi sari egongo dira: alde batetik, Kutxak talde onenaren saria emango du: disko bat grabatzea; eta beste alde batetik, Mondragon Unibertsitateak Debagoieneko talde onenaren saria emango du: bideoklip bat grabatzea.
Baina kontzertuekin gozatzera joaten diren ikus-entzuleen artean zozketatzeko ere badaude sariak: lehenengo kontzertuan, ESAITen eskutik ESAITeko materiala zozketatuko dute: zira, txapela eta kamiseta; bigarren eta laugarren kontzertuetan, Danbakako materiala banatuko dute: kamisetak eta DVDak; hirugarrenean eta bosgarrenean, Ganesha Tattoo-ren eskutik tatuaje bonuak zozketatuko dituzte; eta finalean, Laino Skate Park-en eskutik skate materiala eta urtebeteko sarrera Laino Skate Park-era zozketatuko dituzte.
Babesleak
Prentsaurrekoa babesleekin egin dute eta bertan izan dira Iker Barandiaran, Danbakako koordinatzailea; Iñaki Altuna, Kutxa Gizarte Marketineko zuzendaria; Jaione Gartzia, Elgetako Kutxako zuzendaria; Susana Azpilikueta, Mondragon Unibertsitateko komunikazio arduraduna; eta Gorka Arizmendiarrieta, Espaloia Kafe Antzokiko arduraduna.
Danbakako laguntzaile nagusiak Kutxa eta Mondragon Unibertsitatea dira. MUk gazte ekintzaile eta sortzaileengan sinisten duelako laguntzen du Danbaka. Kutxak, berriz, proiektu gazte eta freskoa indartu nahi du.
Sarrerak
Sarrerak erosteko hiru modu daude: Goienako edozein egoitzatan eta Elgetako Espaloian eros daitezke; edo, bestela, telefonoz ere badago aukera, 943 25 05 05 zenbakira deituta.
Sarrerak 5 eurotan salduko dira, baina Gazte Kutxarekin erosiz gero 3 euro balioko dute.
Gainera, kontzertu guztiak –finala barne– ikusteko bonu berezi batzuk ere egongo dira. Bonu horiek 22 eurotan salduko dira. Gazte Kutxarekin erosita, berriz, 12 euro ordaindu beharko da.
Kontzertuak
Urriak 22
Black River (Oñati)
Desprezio (Soraluze-Bergara)
Lord Witch (Bergara)
La-Tox (Bergara)
Azaroak 5
El Trio Calavera (Oñati)
Rock Privado (Oñati-Donostia)
Front Malabar (Arrasate)
Ymotek (Abadiño)
Azaroak 19
Doctors Klub (Abadiño-Durango)
Rombos Negros (Bergara)
Karpovian Projekt (Mutriku)
Ez! (Oñati)
Azaroak 26
Xarma (Ondarru)
Txusters (Eibar)
Seafóid (Eibar)
Scam (Aretxabaleta)
Abenduak 17
Dark Code (Bergara)
Kubers (Soraluze)
Asfiksia (Oñati)
Industria Dolor (Arrasate)