Danbakako bigarren kontzertua: hortzak erakutsiz eta gitarrak zorroztuta

Jon Berezibar 2008ko azaroaren 4a

Hortzak erakutsiz eta erasokor igo ziren taldeak taula gainera egubakoitzean. Espaloia jendez bete zen eta hotzari eta eguraldi eskasari aurre eginez giroa bero-bero jarri zuten lau taldeek. Hona hemen bigarren kontzertuko kronika, iritziak eta botoen emaitzak.

Bigarren gaua – gau hotza – eta horri aurre egiteko gitarra astunak izan ziren erregaia. Hortzak erakutsiz eta erasokor ikusi genituen taldeak egubakoitzean.




Hala, bakarlari bai, baina ez zen bakarrik igo Ni_neu agertokira. Laukotea – teklatu eta guzti – atera zuen eibartarrak eta abestiei rock taldearen hezur eta mami guztia eman gura izan zien horrela . Apustuan,  irabazle atera zaitezke taldeak bultzada ematen badie kantuei baina galtzaile taldeak bakarlaria irensten badu eta sarri gertatu zen hori. Indar gehien eskatzen zuten uneek bulkada izan zuten baina horietan ere taldeari entsegu orduak falta zitzaizkiola eman zuen. Hala ere, gerokoak ikusi, eta batez ere, entzunda, ondo egin zuen Ni_neuk gitarrak zorrozten, gaueko gainontzeko taldeak letaginak aterata eta watio karga izugarriarekin etorri ziren-eta.

Sinesgarri eta gogor

Hain zuzen hortzak erakutsiz eta aizkorak zorrotuta agertu ziren lehenak Scamekoak izan ziren. Teknikoki zehatz, agertokian seguru eta asko ezustean harrapatu zituen ostia txarrarekin, bigarren aldian sendoago eta sinesgarriago irten dira. Ezin zaie ukatu, gainera, gogotsu eta ilusioz ikusten zaiela eta horrekin ere asko daukate irabazita. Aurreko Danbakan baino hobeto, baina batez ere sinesgarriago.

 

 

Scamekoen ostean maila teknikoak eta suharrak ez zen inola ere murriztu. Lord Witchekoak baino heavy klasikoagorik ezin da jo baina, halaber, egia da horren ondo jotzea ez dela txikikeria. Bikain, eta estiloa maite dutenendako gozatu ederra.

Intentsitatearen maisu

Eta azkenik agertoki gainean guztia eman zutenak. Talderik helduena, abesti borobilenak eta estilo aldetik bereizgarrienak izan ziren Adi Holdenekoak. Intentsitatearekin jolastuz, amorru eta maitasun abesti latzetan rock hutsetik noisera eta handik joandako hamarkadako indie-aren riffik sarkorrenetara. Guztia amorruz eta sekulako indarrarekin agertokiko zentimetro guztiak beteaz. Taldeak osorik eta banan-banan bikain jardun zuen. Esan moduan, hortzak erakutsi zituzten egubakoitzean den-denek.

Publikoaren saria, Botoak

Eman zure botoa, kontzertuko sarreraren atzealdean zure gustuko taldea aukeratuta.

Sailkapena Taldea Herria Botu kopurua
1 The 5 Twisters    Arrasate          %23,54
2 Mery May Arrasate           %17,09
3 Scam Aretxabaleta    %16,12
4 Damudot Mallabia %14,19
5 Ni neu Eibar %8,38
6 Lord Witch Bergara %7,75
7 Adi Holden Bergara %4,51
8 Ymotek Abadiño %2,58
9 Turboshit Bergara %2,25
10 Hilbete Durango %1,29
11 Bitter Honey Arrasate %0,64
12 The Motherfuckers Arrasate %0,64
13 Foxy Boxxy Arrasate %0,64
14 Norman Eibar-Ondarru %0,32
15 Los Viernes al Ron Antzuola %0
16 Army-Arma Zornotza %0
17 Brankan Berriz-Markina %0
18 Igor San Juan Aretxabaleta %0
19 Flipin Folk Ermua-Eibar  %0
20 Rock Privado Oñati-Donostia %0
21 The Wet Band Mutriku %0
22 Barua Banda Eskoriatza %0
23 Tuesday Evenings Durango %0
24 Revelphone Soraluze %0

KRITIKAK

Ni_Neu

Adituak > Mikel Alvarez (Aby Kem)"Teknikoki zuzen ikusi dut baina lar laua iruditu zait. Arrisku gutxi hartu dute eta horrek eragin du saio osoa lineala izatea. Faltan sumatu diet, bai abestiei zein zuzenekoari, beste ukitu bat-edo, intentsitatean sakontzeko adibidez. Abestiak ondo zeuden baina, nolabait esatearren, distira ematea izan dute faltan". Ikusleek esana > Joseba Azkue (Azkoitia)"Musikalki, kalitate handikoa iruditu zait, nabari da eskarmentu handia duela, ordu asko eman dituela taula gainean. Emanaldi konpletua izan da; hasieran soinua ez zen oso ona, baina erdialdetik aurrera hobetuz joan da".

Kazetariak esana > Jon Berezibar
"Abestiei buelta bat eta taldeari entsegu bat edo beste falta zaiela iruditu zait. Ondo jo dute baina sarri batasuna falta izan zaie. Hala ere, gitarra eta baterian, abestiak janzteko ahalegina ikusi da baina, teklatuei adibidez, ez die batere probetxurik atera. Hala ere, ikusleengandik gertu eta epel agertu da Ni_neu".

Bakarlariak esana

 

"Ordu erdi bakarrik da eta oso denbora gutxi da hori baina gustura atera naiz. Nire planteamendua ez da bakarlari moduan agertzean, rock taldearekin aurkeztu gura izan dut nire burua, taldea izango balitz bezala nahiz eta konposaketa nirea izan".

Scam

Adituak > Mikel Alvarez (Aby Kem)

 

"Aurrekotik ona sekulako hobekuntza egin dute. Oso onak iruditu zaizkit. Zehatzak izan dira eta lokalean sekulako lana egin dutela ikusi da. Oso prestatuta etorri dira. Heldutasun asko lortu dute. Estiloa bereganatu eta menderatu egin dute eta orain esatekoa daukatela erakutsi. Finalerako kontuan hartzeko taldea izango da".

 

Ikusleek esana > Joseba Azkue (Azkoitia)

 

"Duela bi urte ere ikusi nituen, eta asko egin dute  aurrera. Akaso ez da musika orijinala, baina  formatua ezagutzen zuten, ondo prestatu dute eta jakin dute aprobetxatzen; jendearekin konektatu dute".

Kazetariak esana > Jon Berezibar

 

"Taldea heldu eta sendotu egin da. Erasokorrago etorri dira eta heldutasunerako bide horretan zakartu egin dira. Asko irabazi dute horrela baina agian arriskatu egin dute abestietan melodia askotan alde batera utzita. Hala ere, oso ondo".

 

Taldekideek esana

 

"Abestiekin askoz ere identifikatuago sentitzen gara orain. Ostia txarragoarekin egindakoak dira, indar gehiago daukate. Hala atera zaizkigu oraingoan.Taldean ere oso gustura amaitu dugu. Azkenaldia talde handiagoekin eta areto handiagoetan jotzeko aukera izan dugu eta eskola da hori; hemen ere igarri dugu".

Lord Witch

Adituak > Mikel Alvarez (Aby Kem)  "Hasieran soinua ez dute alde izan, gitarrak argiago entzungo balira asko irabaziko zuten. Gero konpondu egin da eta hobeto joan da. Bestela, oso onak dira jotzen eta maila ona daukate. Transmititu egin dute eta jendea animatzen saiatu dira eta baita lortu ere".

Ikusleek esana > Joseba Azkue (Azkoitia)

 

"Horrelako kontzertu baten, atsegina eta guzti egin da heavy metala: hasi lasai xamar hasi dira eta ondoren sartu dituzte doinurik gogorrenak; ikusleak gehien animatu dituen taldea izan da. Ezagutzen nituen aurretik, eta gaurkoan, helduago ikusi dituk".

Kazetariak esana > Jon Berezibar

 

"Ezin hobeto jo dute eta heavyrik klasikoena ondo baino hobeto menderatu eta gozatzen dutela argi dago. Abeslariak ere asko interpretatu du, bizi du kantatzen duena, eta ikuskizunean ere asko lagundu du horrek. Txukun eta akats barik ia, teknikoki bikainak".


Taldekideek esana

 

"Euforiko bukatu dugu, sekulakoa izan da. Hasieran apur bat berotzea kostatu bazaigu ere joan gara neurria hartzen eta gainera jende piloa etorri da gu ikustera. Horietako asko kontzertuetatik soilik ezagutzen ditugu eta oso giro ona egon da haiei esker ere".

Adi Holden

Adituak > Mikel Alvarez (Aby Kem)

 

"Kaskar hasi baina berehala zuzendu dira. Sorpresa izan da. Orain dela hamarkada batzuk Euskal Herrian egiten zen rocka hartu eta ukitu berria eman diote. Agertokia ere asko bete du abeslariak, ikuskizuna eman dute eta horrek ere aldeko puntu asko eman dizkie".

 

Ikusleek esana > Joseba Azkue (Azkoitia)

 

"Nahiko musika berezia egiten dute, musika gordina esango nuke... Gaurkoa moduko kontzertu baten, apur bat lekuz kanpo moduan geratu dira; bigarren jo izan balute, hobeto sartuko lirateke. Esperientzia dutela erakutsi dute era berean, nabarmena izan da hori".

 

Kazetariak esana > Jon Berezibar

 

"Intentsitatearekin urratu eta ia zauritu gaituzte. Ikaragarri izan da abestietan ipinitako indarra eta emozioa. Guztia eman dute eta ikuskizuna ere ikaragarria izan da. Talde oso heldua dela ikusi da eta berezko izaera ere baduena. Ezusteko benetan atsegina".

 

Taldekideek esana

 

"Gu ez gara kristoren musikariak baina, hala ere, guk nahi duguna intentsitatea lortzea da, emozioak azaleraztea. Gorroto eta maitasunaren arteko horretan daude gure abestiak. Horra, emozioetara intentsitatearen bitartez heltzea da guretzat musika eta horretan saiatzen gara".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak