Heavya eta hardcore-metala
Baina doinu gogorragoak ere entzun ahal izango dira. Hala, Lord Witch taldeak power metala landuko du, ahots melodia eta gitarra landuekin, heavy patroiekin agintzen duten moduan.
Eta, bestalde, Scam taldeak izan duen garapena zuzenean ikusteko aukera izango dugu. Punk-pop edo hardcore melodikotik abiatuta, hardcorea, metala, emocorea eta melodia batzera heldu dira aspaldian.
Kontzertua
Gaur, egubakoitza. 22:30.
Elgetako Espaloia.
5 euro (Gaztekutxarekin, 3 euro).
NI_NEU. Eibar
Ni_Neu talde askotan (Kafha, Jak...) ibilitako Aitor Sologaiztoa musikari eibartarraren proiektua da. 2003an hasi zen idea horri forma ematen, eta 2006an lehenengo maketa grabatu zuen, etxean; instrumentu guztiak Sologaiztoak berak grabatu zituen. Ni_Neu taldeak rocka, doinu lasaiak eta elektronika batzen ditu, teklatuaren protagonismo handiarekin eta emozioa oso presente dagoela. Dagoeneko hainbat musikari batu zaizkio eta taldea osatzen dabil, baina beste musikari batzuen premian dago.
SCAM. Aretxabaleta
Scam taldea Aretxabaletako Mikel, Imanol, Paulo eta Anderrek osatzen dute. Oso-oso gaztetxoak zirela, punk-popa edo hardcore melodikoa egiten hasi ziren, eta Danbakako bigarren edizioan zuzenean jotzeko sailkatu ziren.
Gerora, baina, garapen handia egin dute: gaur egun, hardcorea, metala, emocorea eta melodia batzen dituzte, Berri Txarrak-en eraginak gehituz. Ingelesez eta, tarteka, euskaraz abesten dute.
LORD WITCH. Bergara
Bergarako laukote hori 2004an sortu zuten, eta ordutik hona oso argi izan dute euren jomuga heavy metal melodikoa edo power metala dela. Partaideen artean hainbat aldaketa izan badituzte ere, Iker, Jorge eta Eugek hasieratik dihardute proiektu horretan buru-belarri. Horiei azkenekoz Eugenio batu zitzaien. Gazteleraz abestutako kantuetan oso presente daude ahots argi eta melodikoa, gitarra riff indartsuak eta baita bateria erritmo gogorrak ere.
ADI HOLDEN. Bergara
Adi Holden talde berri samarra da, iaz Bergaran sortutakoa. Luzaroan Cool Panic talde rockeroan aritutako Alex Muela da abeslari eta gidaria, eta harekin batera Arturo, Txarli eta Ruben musikari eskarmentudunak daude. Oraingo proiektu honetan, berriz, estilo koordenada zeharo aldatu dute eta rocka ikuspegi oso zabalean lantzen dute, gitarrei ukitu berezia emanez eta oraingoan, iraganean egin ez zuten moduan, euskara erabiliz, gainera.