Danbaka musika lehiaketaren III. edizioan Debagoiena, Debabarrena eta Durangaldeko taldeak

Usoa Agirre 2008ko uztailaren 9a

Eguerdian aurkeztu dute Elgetako Espaloian Danbaka musika lehiaketaren hirugarren edizioa. Oraingo edizioan nobedade nabarmenak izango dira: Debagoienaz gain, Debabarrena eta Durangaldeko musikariek parte hartu ahal izango dute eta 24 taldek izango dute zuzenean jotzeko aukera. Sarietan ere bada berrikuntzarik: lehiaketako talde onenak Shot! grabazio estudioan diskoa grabatu eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kalean izango du; Debagoieneko talde onenari ere sari bera emango diote. Hortaz, bi disko izango dira kalean. Izena eman eta lanak aurkezteko epea irailaren 19a arte dago zabalik.

Danbaka lehiaketa Goiena komunikazio kooperatiba elkarteak eta Espaloia Kafe Antzokiak antolatzen duten lehiaketa da. Musika taldeei bultzada emateko sortutako lehiaketa da, eta orain arte oso emaitza onak izan ditu. Bataz beste, 400 bat lagun igo dira emanaldi bakoitzera, eta gero eta talde gehiago lehiaketara begira ibiltzen dira abestiak prestatzen.

Aldaketak

Danbakaren hirugarren edizio honetan aldaketa nabarmenarekin gatoz: Debagoienaz gain, Debabarrena eta Durangaldera ere zabaldu dugu berau.

Horrez gain, aurten 20 talde sailkatu beharrean, 24 taldek izango dute zuzenean jotzeko aukera. Horietatik 14 Debagoienekoak izango dira, eta 10 aipatutako beste eskualdetakoak. Hortaz, aurten 5 kontzertu beharrean, 6 izango dira, eta gero finala.

Sariak

Sarietan ere bada berrikuntzarik:

  • Lehiaketako talde onenak Shot! grabazio estudioan diskoa grabatu eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kalean izango du.
  • Debagoieneko talde onenari ere sari bera emango diogu. Hortaz, aurten bi disko izango dira kalean, bat beharrean.

Izenematea

Taldeek grabazioak aurkezteko izenematea zabalik dago. Parte hartzeko baldintzak izango dira

  • une honetan kontratu diskografikorik ez izatea
  • taldekideetako bat gutxienez Debagoienean, Debabarrenean edo Durangaldean erroldatuta egotea
Hiru abesti original aurkeztu beharko dituzte, taldearen biografia txiki bat, argazki bat eta harremanetan jartzeko telefono eta e-posta helbidea.

Bidaltzeko, hiru bide:

  • danbaka@danbaka.com helbidera bidali dezakezue
  • posta arruntez Danbaka / 132 postakutxa / 20.500 Arrasate
  • Goienak Arrasaten, Aretxabaletan edo Bergaran daukan edozein egoitzatara eraman.
Horretarako, azkeneko eguna irailaren 19a izango da.

Kontuan eduki aurreko edizioan finalean egon ez diren sei taldeez gain, beste edozeinek berriro parte har dezakeela, baldin eta kantu berriak aurkezten baditu.

Hemen dituzue lehiaketako oinarriak.

Kontzertuetako datak

Edizio honetan sei kontzertu eta finala egingo ditugu. Guztiak egubakoitzetan:

  • Urriak 17
  • Urriak 31
  • Azaroak 14
  • Azaroak 28
  • Abenduak 12
  • Abenduak 19
  • 2009ko urtarrilaren 16an finala

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak