Musika estilo desberdinak
Danbakak dauzkan berezitasunei eutsita, edizio honetan ere kontzertu bakoitzean ahalik eta musika estilo gehien batzen saiatu dira antolatzaileak. Horren helburua da musika estilo zehatz bat entzuten duten zaleek bestelakoak ere entzuteko aukera izatea.
Hona hemen gaurko (egubakoitza) proposamena: ingelesez abesteko gaitasun handia daukan Mery May Arrasateko bakarlaria, Damudot Mallabiko heavy-thrash taldea, The 5 Twisters Arrasateko garage-rock talde beteranoa eta Abadiñoko Ymotek thrash-death-metal indartsua.
Taldeak
22:30ean, Elgetako Espaloian.Sarrera: 5 euro (Gaztekutxarekin, 3 euro)
Mery May
Maria Fagan arrasatearrak oso txikitatik erabakita zeukan musikaria izan gura zuela. Hala, oso gaztetxotan gitarra jotzen hasi zen eta azken urteotan bakarlari moduan kontzertuak ematen hasi da. Pop-rocka egiten du, AEBetako folkaren kutsu handia daukana, eta abesteko, bere ama hizkuntzetako bat den ingelesa erabiltzen du.
Bitxikeria moduan, Faganek bi alditan esku hartuko du aurtengo Danbakan: Mery May moduan eta Foxy Boxxi taldeko abeslari gisa.
Damudot
Damudot Jonek, Gribik eta Polutok osatzen dute gaur egun. Taldeak dagoeneko zazpi urteko ibilbidea dauka, eta kontzertu ugari egin dituzte, batez ere Bizkaian, baina baita beste eskualde batzuetan ere. Hasieran laukotea bazen ere, aspaldian hiru lagun dabiltza taldean. 2006. urtean Funky Factory estudioan grabatu zuten lehen maketa, Gerraren jabe izenburupean. Gerora, hainbat bildumatan esku hartu dute. Euskaraz egindako heavy-thrasha egiten dute.
The 5 Twisters
Arrasateko boskote horrek bigarren aldiz esku hartuko du Danbaka musika lehiaketan. Jokin, Yago, Iose, Goro eta Beni 2005ean hasi ziren taldearekin buru-belarri eta ordutik hona kontzertu ugari egin dituzte. 2006an estreinako diskoa kaleratu zuten, eta iaz 25 Mondra Underground Hits bilduman kantu bat argitaratu zuten. Arrasatear horiek garage-rocka eta punk-rocka egiten dute, gazteleraz eta ingelesez abestuta. Aspaldian kantu berriak idazten dabiltza.
Ymotek
Abadiñoko boskote hori 2006an sortu zuten David, Javi, Rober, Iban eta Asierrek. Taldeak bilakaera esanguratsua izan du eta emaitza irmoa lortu du. Ibilbide horretan, Euskal Herrian barrena sarritan jo dute, eta, besteak beste, Hora Zulu eta Su Ta Gar taldeekin batera izan dira hainbat agertokitan.
Euren eskaintza thrash-death-metalaren alorrean koka dezakegu, eta taldekideek kantuak ingelesez abesten dituzte.