Ciudad de Juarezko bi emakumek euren bizipenen berri emango dute

Arritxu Barruso 2007ko aza. 7a, 11:06
Juarezko eta Chihuahuako emakumeen egoera gertutik ezagutzeko aukera izango dugu egunotan. Hiri hauetan bizi duten bortizkeria egoera dela eta euren alabak galdu dituzte Julia Esther eta Eliak eta euren esperientziaren berri emango dute gure ibarreko herrietan egingo dituzten hitzaldietan. Justizia eta emakumeekiko errespetua aldarrikatu nahi dute horrela.

Zoritxarrez, emakumeen aurkako indarkeria arazo unibertsala da, era guztietako mugak gainditzen dituena; kultura, gizarte eta maila ekonomiko guztietan ematen dena. Mexikon, Ciudad de Juarezen desagertu eta hildako emakume eta neska gazteen kasua, horren adibide askotako bat da.

Ehundaka emakume modu sistematikoan erailak izaten ari dira azken urteotan Ciudad de Juarezen; 4000 emakume hilak edota desagertuak azken 10 urtetan. Emakume horien egoera gertutik ezagutzeko, hildako bi emakume gazteren amen testigantzak entzuteko aukera izango dugu. 'Nuestras Hijas de Regreso a Casa' elkarteko kideak dira Julia Esther Cano eta Elia Escobedo.

Juliak 1995an galdu zuen bere alaba eta hiltzailea 2005ean atxilotu zuten. Bere alabaren sei seme-alaben kargu egin behar izan da. Eliaren alaba, berriz, orain dela 5 urte hil zuten, eta hiltzailea aske dago oraindik.

Urte asko daramatzate borrokan, eta borroka gogorra izan da oso. Baina poliki poliki ari dira ereindako hazien fruituak jasotzen. Azken urteetan biolentzia gutxiago dagoela aitortu digute.

Esperantza omen da galtzen den azkena, eta horixe da Julia eta Eliak daukatena. Orain gainera Estatuko gobernadore berriak babes  handia eskaintzen diela-eta pozik daude. Azken hiru urte hauetan instituzioetatik jarrera oso baikorra aurkitu dutela azaldu dute.

Justizia eta errespetua eskatzen dute, emakumeekiko errespetua.

Hurrengo egunetan ibarreko herri guztietan hitzaldiak emango dituzte euren egoeraren berri emateko. Hitzaldiotan emakumeen eskubideen alde lan egiten duten hainbat adituk lagunduko diete.

Antzuola

Azaroak 8, arratsaldeko 19:00etan Olaran Etxean

Eskoriatza

Azaroak 13, 18:30ean, Kultura Etxean

Oñati

Azaroak 14, 19:00etan, Kultura Etxean

Aretxabaleta

Azaroak 15, 19:00etan, Kultura Etxean

Arrasate

Azaroak 16, 18:00etan, Ekineko lokalean

Azaroak 22, 19:00etan, Kultur Aten

Bergara

Azaroak 20, 19:00etan, Miguel Altuna Institutua

Leintz Gatzaga

Azaroak 21, 19:00etan, Kultura Etxean

Elgeta

Azaroak 23, 19:00etan, Espaloia Kafe Antzokian

Aramaio

Azaroak 28, 17:00etan, Kultura Etxean



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak