Cegasako langileek mesfidantzaz hartu dute zuzendaritzaren asmoa

Mirian Biteri 2009ko ots. 2a, 12:14
Cegasa enpresako iturriek adierazitakoaren arabera, Gasteizko lantegian ikerkuntzarekin eta garapenarekin lotutako jarduerei eutsiko diete. Era berean, kanpoan erositako eta egindako pilen etiketatua eta paketatze lanak, zuzendaritza eta taldeko beste enpresen administrazioa eta giza errekurtso lanak Gasteiztik egiten jarraituko lukete. Lan Sailak datozen egunotan erabakiko du lan erregulazio txostenaren gainean.

Enpresak 217 langileri eragiten dien lan erregulazio txostena aurkeztu du eta hori dela eta langileek mesfidantzaz ikusten dute zuzendaritzak esandakoa. Gasteizko lantegia itxi eta pilen produkzioa Txinara eraman nahi dutela salatu dute.

Enpresaren arabera, pilen produkzioarekin 23 milioi euro galdu zituzten joan den urtean. 2003-2007 urte bitartean %15 jaitsi da, bataz beste, Cegasa pilen prezioa. Sindikatuak ez daude ados enpresak emandako datuekin: galeren kontua ikuskatu gabeko balantze batetik irtendakoa dela diote eta pilak fabrikatzea oraindik errentagarria dela diote. "Lan erregulazio txostena zentzugabekeria hutsa da eta goitik behera ondo aztertzea eskatzen diogu Jaurlaritzari". Jaurlaritzako Lan Sailak datozen egunotan emango du lan erregulazio txostenaren gaineko erabakia.

Oñatiko lantegia

Juan Zelaia Oñatiko enpresa gizon ezagunaren Cegasa enpresak 1970eko hamarkadan ezagutu zuen garairik oparoena. Gaur egun 13 herrialdetan ditu lantegiak Cegasak. Oñatikoan industria erabilerarako pilak egiten dituzte eta oraingoz behintzat lan erregulazio txostenak ez die eragiten hango langileei, jarduera errentagarria izaten jarraitzen duelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak