Botiketan errezeta gabe salgai haurdunaldia saihesteko pilula

Irati Agirreazaldegi 2009ko urr. 5a, 12:07
Joan zen astelehenean hasi ziren biharamuneko pilula errezetarik gabe farmazietan saltzen. Orain arte doan ematen zuten errezetarekin, hemendik aurrera, ordea, ordaindu egin beharko da.

Biharamuneko pilula larrialdietarako da; koitoa preserbatiborik gabe egin denean edo antisorgailuak gaizki erabili edo huts egin duenean bakarrik erabili behar da haurdun ez gelditzeko.

Emergentzietan

Nahigabeko haurdunaldiak saihestea da biharamuneko pilulak farmazietan errezetarik gabe saltzeko erabakiaren helburua. Aurrerapausotzat jo arren, sexu heziketa indartzearen eta botikari buruzko informazioa emakumeen artean zabaltzearen beharra nabarmendu dute farmazialariek eta sexologia zerbitzuetakoek.

Arrasateko Sexologia Zerbitzuko Larraitz Arandok dio larrialdi bati erantzuteko balio duela pilulak eta ondo iruditzen zaiola, baina garestiegia dela agian. "Askotan gertatzen den larrialdia izanik irtenbide bat da. Hala ere, ez dugu ahaztu behar emergentzietarako dela eta ez eguneroko antisorgailu bat. Gainera ez du hiesa, sifilisa, gonokozia... bezalako gaixotasunetatik babesten. Beste antisorgailuak erabiltzeko ahalegin bereziak egin arren, sarketan obsesionaturik jarraitzen dugun bitartean, emergentziak hor  jarraituko du. Eredu heterosexual eta genitalizatu hau aldatu ezean, larrialdiei erantzuten jarraitu beharko dugu", esan digu. 

Bergarako farmazialari Javier Estellak esan digu errezetarik gabe biharamuneko pilula ematearena lege kontua dela eta ez diela ezertan eragiten. "Beste botika batzuekin ere esan izan digute egun batetik bestera errezeta barik emateko. Pilularen kasuan batzorde batek baloratu du zein behar sozial dagoen, hortaz, erabaki da medikamentu hori eskuragarriago ipintzea. Ez dakiguna da jendeak zein erreakzio izango duen, baina beharra duena berdin-berdin etorriko da".

Eskaera datuak

Estellak dio ez dela jende askorik joaten eurenera biharamuneko pilula bila eta joaten direnak gazteak direla. "Banaka batzuk etortzen dira, batik bat asteburuetan edo astelehenetan. Baina, zorionez, ez da asko erabiltzen".

Debagoieneko ospitaleko larrialdi zerbitzuko buru Mikel Sanchezek esan digu azterketa bat egin zutela pilularen erabileraren gainean. Horren arabera, erabiltzaileen batez besteko adina 23 urteko da; aste bukaeretakoak dira eskaera gehien jasotzen dituzten egunak, zapatutik domekara bitarteko gauetan %20; eta eskatzaileen %87,8 behin bakarrik joan da, %9,1 bi aldiz eta %3 hiru aldiz.

Gerora, 2004ko irailetik 2006ko uztailera bitartean beste azterketa bat egin zuten eta ikusi zuten emaitzak oso antzerakoak zirela. "Etorri zirenen %69a 25 urtetik beherakoak ziren. Zenbat eta gazteagoak izan orduan eta informazio gutxiago izaten dute eta ohikoena da babesik gabeko harreman baten ostean etortzea; oso gutxitan apurtzen da preserbatiboa edo bestelako hutsak ere ez dira maiz izaten", esan digu Mikel Sanchezek.

Informazioa zabaldu

Larraitz Arando sexologoak esan digu jendea joaten dela eurengana pilularen gainean galdetzera. Hori dela-eta, horren gaineko informazioa zintzilikatu dute www.sexologiazerbitzua.com helbidean. Horretaz gain, Arrasateko farmazietan informazio eskuorriak ere banatu dituzte.

Bergarako Estella farmazian erabaki dute hemendik aurrera, modu pribatuan galderak egitea biharamuneko pilula bila doazenei. "Lehen errezetarekin etortzen zirenean balorazioa aurrez egina zegoen, baina orain gu gara behar hori baloratu behar dugunak. Haurdunaldi susmorik baldin badago ezin da pilularik eman. Hortaz, asmoa ez da galdeketa zorrotza egitea, baizik jakitea pilula har dezakeen ala ez", esan digu Javier Estellak.

Larrialdi zerbitzuetako buruak ez du uste eskari gehiago izango denik. "2008ko azken sei hilabeteetan eskariak gutxitu egin dira. Litekeena da orain erabilera aldatzea. Izan ere, osasun zentroetan izena eta datu pertsonalak eman behar dira eta orain, farmazietan, anonimoa da, hortaz, kontsumoa gehitu daiteke".
Pilula eskuragarriago egon arren, hartu aurretik badira ezinbestean jakin beharreko gauzak.

Jakin beharrekoak

  • Zertarako balio du?

  • Haurdunaldia saihesteko larrialdiko metodoa da. Sarketako harremanetan antisorgailuak huts egitean. Hau da, preserbatiboa apurtzen bada, beste antisorgailuren bat erabiltzen egon (partxeak, pilulak, umetoki barneko gailua, eraztunak…) eta egun horretan ahaztuz gero edo harremanak izan bitartean ihes egiten badu. Pilulak uteroaren barruko geruza moldatzen du ernaldutako obulua bertan gera ez dadin.

  • Noiz hartu behar da?                                                                                

  • Susmo txikiena dagoenetik 72 ordu daude pilula hartzeko eta zenbat eta lehenago hartu orduan eta eraginkorragoa da.
  • Nola hartu behar da?

  • Urdaila beteta hartu behar da eta hiru orduren barruan botaka egin edo beherakoa izanez gero berriz hartu behar da. Behin hartu ostean, bi egunean ez da erre behar, ezta kaferik edo kafeinadun edaririk hartu behar. Eraginkorra ez gutxitu arren albo-eraginak areagotu ditzake.
  • Ez da abortu eragilea

  • Pilula hartu aurretik haurdunaldia gertatu bada, pilulak ez du eraginik izango.
  • Albo-eraginak

  • Buruko eta sabeleko mina, botagura,itolarria… ager daitezke kasu batzuetan, baina minok ez dute egun bat edo bi baino gehiago irauten.
  • Nola jakin daiteke ondo funtzionatu duen?

  • Jakiteko hurrengo hilerokora arte itxoin behar da. Baliteke aurreratzea, atzeratzea edo ohi baino odol gehiago edo gutxiago botatzea. Hilerokoa 10 egun baino gehiago atzeratuz gero, ginekologoarengana joatea komeni da. Gauzak ondo egin ezean baliteke bere lekutik kanporako haurdunaldia gertatu izana eta kasu horretan kendu beharra dago.
  • Ez da metodo antisorgailua

  • Larrialdi kasuetarako da biharamuneko pilula eta ez eguneroko metodo antisorgailua. Sarketa bidezko sexu harremanak izan behar dituenak eraginkorra den metodo antisorgailu bat aukeratu behar luke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak