Biztanle kopuruak behera egin du Arrasaten, Bergaran eta Leintz Gatzagan

Miren Arregi Amasorrain 2008ko urtarrilaren 4a

2000. urteaz geroztik, biztanleriak nabarmen egin du gora Gipuzkoan. Hala ere, herriz herrikako aldaketak handiak dira, izan ere, herriek biztanleei dagokienean gora eta behera etengabe egiten dute. Etxebizitza erostea, aldaketa industrialak edota inmigrazioa dira aldaketon eragile nagusiak.

Azken zazpi urteotan, Gipuzkoak, biztanleriari dagokionean aldaketa nabarmena jasan du, izan ere, 2000. urtean baino 15.000 biztanle gehiago bizi dira orain Gipuzkoan. Hala, probintzia honetan egiten diren migrazio mugimendu gehienak, lurralde barruan egiten dira. Hau da, jendea herriz aldatzen da, ez ordea probintziaz, eta beraz, aldaketak eman arren, jendea ez da orokorrean Gipuzkoatik irteten. Ondorioz, migrazio mota hauek, barruko migrazioak direla esan daiteke.

Gipuzkoako hiri nagusiak

Migrazio mugimenduak medio biztanle gehien galdu duten herrien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, Donostia, Eibar eta Arrasate. Azken honek, 196 biztanle gutxiago ditu orain 2006. urtean baino. Balantzaren beste aldean aurkitzen direnetako batzuk, Beasain, Elgoibar eta Errenteria dira, izan ere, hauetan, biztanleriak nabarmen egin du gora. Mugimendu horien sortzaile edo eragile indartsuenen artean aipatu bezala, industria arloko aldaketak, inmigrazioa, edota etxebizitza bat erosteak gaur egun sortzen dituen zailtasunak daude.

Debagoieneko ezberdintasunak

Debagoienean badira herrien arteko desberdintasunak biztanleriaren mugimenduei dagokienean. Esaterako, Arrasatek, Bergarak eta Leintz Gatzagak biztanle kopuruan behera egin duten moduan, Aretxabaletak, Antzuolak, Eskoriatzak edota Elgetak nabarmen egin dute gora. Oñatin, esan daiteke, biztanle kopurua mantendu egin dela, nahiz eta 13 biztanle gehiago dituen orain 2006. urtean baino.

Behera egin dutenak:

  • Arrasateko kasua da aipagarriena. Izan ere, 2007an, 196 pertsona joan dira Arrasatetik beste norabait bizitzera.
  • Bergarak ere 30 pertsonako jaitsiera izan du.
  • Leintz Gatzagak 7 pertsonako jaitsiera izan du.

Gora egin dutenak:

  • Antzuola, izan ere 48 pertsona gehiago bizi dira bertan 2006an baino.
  • Aretxabaleta, 2006an baino 90 biztanle gehiagorekin.
  • Elgeta, 30 pertsona gehiagorekin.
  • Eskoriatza, 32 biztanle gehiagorekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak