Egitasmoaren helburua da eskualdeko eskola umeei landa ingurunea eta ingurune horretako lehen sektoreko jarduerak ezagutzera ematea; hau da, ikasleek gure landa ingurunearekiko kontzientzia eta hurreratze jarrera hartzea. Horretarako hainbat ekintza antolatu dituzte azken urte hauetan: ibilaldiak, material didaktikoa, DVDa, hitzaldiak… Modu horretan, landa ingurunearen gizarteratzea lortu gura da Debabarrena eta Debagoiena eskualdeetan.
Gazteei zuzenduta
Ibilaldi didaktikoekin 06/07 ikasturtean hasi ziren. Ibilaldi horiek Lehen Hezkuntzako gazteei zuzenduta daude (2. eta 3. zikloak). Deba ibaiaren arroan zehar paseatuz, bertako paisaia eta aberastasun naturala ezagutzeko aukera dute txikienek. Eta, bide batez, bizimodu tradizionalak gaur egungo bizimoduan zer eragin izan duen ulertzeko modua dute. Jarrera horrekin, sentsibilizazio eta jarrera handiagoa sortu gura da lehen sektorearekiko. Horren harira, ibilaldietan parte hartzeko izena emateko epea itxita dago dagoeneko.
Jarduera desberdinak dituzten baserrietara antolatutako ibilaldiak dira. Guztira, zortzi ibilaldi antolatu dituzte: ohiko nekazaritza, gaurko nekazaritza, arrantza, elikagaien prozesua, talogintza, artzain mundua, ogigintza eta ehungintza. Zortzi ibilaldi horietatik lau Debagoienean egiten dira: ohiko nekazaritza (Antzuola, Lapatza baserria), gaurko nekazaritza (Aretxabaleta, Areantza-Etxeberri elkartea), elikagaien prozesua (Leintz Gatzaga) eta artzain mundua (Arantzazu, Gomiztegi baserria). "Erantzun oso ona izan dute eskola umeei zuzendutako ibilaldiek; iaz, esaterako, 75 irteera egin genituen", esan du Debagoieneko Landa Garapen Elkarteko Agurtzane Diaz teknikariak.
Ibarreko eskolak
Eskualde osoko ikastetxeek hartu dute parte ibilaldi horietan: "Guztira 28 ikastetxe daude eskualdean, eta, gaur arte, guztiek hartu dute parte". Ikasle bakoitzak hiru euro ordaindu behar du ibilaldia egiteko.