Martxoaren 23an, 22:47 aldera gurutzatuko du Araba eta Gipuzkoa arteko muga eta Leintz Gatzagara iritsiko da. Aretxabaleta, Arrasate eta Oñati gurutzatuko ditu eta 02:41 aldera utziko du gure ibarra Legazpi aldera hartzeko. Hala eta guztiz ere, bigarren bisita ere egingo digu Korrikak. Hain zuzen, martxoaren 25ean etorriko da berriz: Deskargatik sartuko da 08:28 aldera eta Antzuola eta Bergara igaro ondoren Elgetatik hartuko du Bizkairako bidea.
Korrika batzordeak
Ibarreko AEK-ko ordezkariak dagoeneko buru-belarri ari dira Korrika 15 antolatzeko lanean. Jakinarazi dutenez, urtarrileko bigarren astean jarriko dituzte martxan Korrika batzordeak eta norbanako zein talde guztiek ateak zabalik dituztela azpimarratu dute. Kilometroak saltzen ere laster hasiko dira. Kilometro bakoitzak 380 euro balioko du.