Birkokatzea eta aurre-erretiroa izango dituzte aztergai Mondragon Taldearen urteko batzarrean

Ubane Madera 2008ko ira. 24a, 11:46
Gaur, eguaztena, urteko batzarra egin behar du Mondragon Taldeak. Kongresua Amaia Udal Antzokian egingo dute: lehen deialdia 10:45ean da eta bigarrena 11:00etan. Gai zerrendan aurreikusitakoen artean, bi ponentzia landuko dituzte; eta horietako batek lotura zuzena dauka orain bizi dugun krisi ekonomikoarekin.

Birkokatzea

Gaurko batzarrean aztertu behar dituzten gaien artean, egiturazko-langabezia kontuak eta zailtasunak dituzten Taldeko kooperatibatako langileak egoera hobean dauden bestelako kooperatibetan birkokatzea aztertuko dute.

Jesus Gintok, Mondragon Taldearen prentsa arduradunak emandako azalpenen arabera, gaur aztertuko duten birkokatzearen proposamena da "lehenagotik Mondragon Taldean existitzen zen neurri hori indartzea; kooperatiben arteko oinarrizko elkartasun keinua da. Gertatzen dena da azkeneko urteotako egoera ekonomikoari esker, ez dugula sarri erabili behar izan, baina neurri hori dago pentsatuta sasoi txarrak etor litezkeelakoan, eta begira, etorri dira".

Aurre-erretiroa

Gintok gaineratu duenez, neurri horren aplikazioarekin batera, gaurko batzarrean aztertuko dute, baita ere, aurre-erretiroa 55 urtera arte jaisteko aukera, "baina hori bakarrik gauzatuko litzateke salbuespeneko egoeretan".

Diru kontuak eta beste

Gai horiez gainera, kooperatiba filialen gaineko beste ponentzia bat ere aztertuko dute eta urteko batzarretan ohi duten moduan, Mondragon Taldearen diru kontuak aztertuko dituzte, urteko aurrekontua, adibidez. Eta horrekin batera, egungo egoera eonomikoaren aurrean Taldearen presidentearen mezua irakurriko dute. Hain justu ere, horren harira esan behara dago Juan Mari Otaegi, Euskadiko Kutxako presidentea izango dela gaurko Kongresuko presidentea eta gaurkoa izango duela bere azkena, erretiroa hartu behar du-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak