Bildotsa eta onddoak, Debagoieneko III. Jardunaldi gastronomikoetan

Goiatz Arana Begiristain 2009ko ira. 23a, 16:59
Urriaren 12tik azaroaren 15era egingo dira jardunaldiak, baina aurretik aurkezpen ekitaldia egingo dute Aretxabaletako San Migel jaietan, zapatuan; pintxoak banatuko dituzte.

Menu bereziak, prezio berezietan eta garaiko produktuekin. Hori da Debagoieneko Jardunaldi gastronomikoen hirugarren edizioak eskainiko duena. Zazpi jatetxek egin dute bat ekimenarekin (Aretxabaletako Baster Alde, Arrasateko Hilarion, Bergarako Lasa, Leintz Gatzagako Soran etxea eta Oñatiko Etxe-Aundi, Goiko Benta eta Soraluze) eta hainbat plater dastatzeko aukera emango dute, menu berezien bitartez: bi lehen plater, bi bigarren plater (guztiak razio erdikoak), postrea, kafea eta txakolina, sagardoa edo ardo ondua. Erreserba egitea gomendatzen da nahiz eta ez den derrigorrezkoa.

Aurkezpen ekitaldia, zapatuan, 19:30ean, Aretxabaletako plazan

Urriaren 12tik azaroaren 15era egingo dira jardunaldi hauek, baina aurretik aurkezpen ekitaldia egingo dute Aretxabaletako San Migel jaietan: zapatuan, irailak 26, 19:30ean, herriko plazan. Lumagorri oilaskoaren pintxoak eta onddoen pintxoak banatuko dituzte; pintxoa eta errioxar ardoa, euro baten truke.

Jardunaldi gastronomikoen lehen edizioarekin bidea irekita, harrera ona izan zuen bigarren edizioak eta antolatzaileek ez dute gutxiago espero hirugarrenarekin. Laugarrena datorren urtean izango da, otsaila-martxo aldera, eta txerribodekin izango du zerikusia.

Aurrez aipatutakoaz gain, lehen bi edizioetan moduan, produktuen jatorria eta elaborazio prozesua ezagutzeko aukerak ere eskainiko dituzte Leintz Gatzagako Jakionen eta Gatz Museoan, Arantzazuko Gomistegi baserrian eta Antzuolako Lapatza baserrian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak