"Everest mendiak beste aukera bat emango digu", zioen Alberto Iñuarretegik domekan, baikor. Eta bai, badirudi bihar goizean goiz jasoko duten eguraldi iragarpenak berri onak ekar ditzakeela.
Zapatuan, bi elur jausik japoniarren korridoretik ihes egin arazi zienetik Naturgas Hornbein espedizioko kideek bizpahiru egun izan dituzte errekuperatzeko, eta ez dute gehiago behar. Badirudi datozen egunotan hezetasunak behera egingo duela, eta horrek gutxitu egingo luke prezipitazioak izateko probabilitatea. Hori horrela bada, bihar bertan martxan jarriko dira Iñurrategi, Vallejo eta Zabaltza. Berriro ere japoniarren korridorera, gero Hornbein korridorearekin bat egin eta Everesteko tontorrera igotzeko. Estilo alpinoan, soka, oxigeno eta bestelako laguntza barik.