Bihar estreinatuko da Mireia Gabilondoren 'Mugaldekoak' filma gure ibarrean

Arritxu Barruso 2010ko mai. 2a, 13:50
Mireia Gabilondo aktore eta zuzendari bergararrak gerra osteko 'Comète' sareari buruzko filma zuzendu du. Aretxabaletako Arkupe kultura etxean ikusi ahalko da astelehenean eta martitzenean.

Comète sarea II. Mundu Gerra garaian sortu zen eta Euskal Herrian laguntzaile asko lortu zituen. Europako lerroetan jausten ziren hegazkin gidari ingelesak beren jatorrizko herrietara bidaltzeko eratu zen nazioarteko sare hori; Euskal Herriko muga ihesbide bikaina bilakatu zen. Bada, Mireia Gabilondo aktore eta zuzendari bergararrak euskal mugalarien istorioa kontatu nahi izan du esku artean daukan proiektuarekin: Mugaldekoak.

Filma eta telesaila

Gerra ostean girotutako lehen fikzio lana da, ETB eta Tentazioa ekoizpen etxeak egina. Bi eskaintza izango ditu: tvmovie formatuan egindako filma eta 13 ataleko telesaila. "1942. urtean kokatutako istorioa da. Horrek asko garestitzen du proiektua: antzinako jantziak, autoak, altzariak... Gastu horiek aprobetxatu eta bi produktu ateratzea erabaki genuen", azaldu digu Gabilondok. 


Grabaketak, besteak beste, Goizuetan eta Oiartzunen egin dituzte: "Ez da erraza izan. Mendiko eszenak errazagoak izan dira kokatzen, mendiak ez dira aldatu, baina 40ko hamarkadatik hona herriak asko aldatu dira. Horrelako film batean, sinesgarritasuna lortu nahi bada behintzat, eszenaratzeak berebiziko garrantzia dauka. Asko zaindu dugu irudia".

Herri txiki bateko tira-birak

Euskal mugalariek egindako lana ezagutarazteaz gain, herri txiki bateko herritarren istorioak erakusten ditu Mugaldekoak filmak: maitasuna, leialtasuna, gorrotoa, traizioa...
Pertsonaia protagonistak Mireia Gabilondo bera eta Isidoro Fernandez dira. Horrez gain, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola edo Joxean Bengoetxea moduko aktore ezagunak ikusiko ditugu.  
Apirilaren 14an aurkeztu zuten filma Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta kritika oso ona lortu zuten. Bihar, astelehena (16:30) eta martitzenean (19:30) Aretxabaletako Arkupen ikusi ahalko da. 


Bestetik, Euskal Telebistaren lehenengo katean eskainiko dute laster 13 ataleko telesaila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak