UDAk beste aurrera pauso bat eman dezake domekan Andoaingo Euskalduna taldeari irabaziz gero (16:30). Igor Gordobil eta Igor Arenatzaren mutilek garaipen garrantzitsua lortu zuten pasa den astean Trintxerperen aurka eta lehen postuari tinko eusten diote; bigarren doan Hernaniri bost puntu ateratzen dizkiote. "Domekako partidua zaila ikusten dut, talde indartsua da andoaindarra eta estrategia jokaldietako lana oso ondo egiten du, gainera", esan digu Gordobilek. Liga amaitzeko zazpi jardunaldi gelditzen dira eta etxean jokatzeko gelditzen diren partiduak irabaztea eta kanpokoetan zerbait ateratzea oso garrantzitsua izango da. Baina Gordobilek esan duen moduan: "Partiduz partidu joan behar dugu, batuketa eta kenketa konturik egin gabe; egia da sasoi onean gaudela, baina aste batetik bestera gauzak nabarmen alda daitezke". Domekarako Ruben eta Iturbe zentralek ez dute jokatuko bost txartel hori dituztelako eta zigorra bete behar dutelako.
Bidea zuzendu
Mondrak, bestalde, aukera ezin hobea dauka daraman bide oker hori zuzentzeko: zapatuan, sailkapenean azken postuan doan Amaikak Bat taldea hartuko du Mojategin (16:30). Azkargortaren mutilendako ezinbestekoa da garaipena Debako taldearen aurka, azken txanpa lasaiago jokatu ahal izateko. Azkenik, Aloña Mendik Ondarroako Aurrera taldearen aurka jokatu beharko du eta garaipenaren bideari eutsi (Domeka, 16:30).