Bidegorrien alde ibili ziren 150 bat lagun

Leire Kortabarria 2007ko urriaren 22a

Kolorezko puxikekin, musikarekin eta umore onean batu ziren 150 bizikletazale zapatuan, Oñati-Arrasate-Oñati ibilaldia egiteko eta, horren bitartez, aldarrikapen bat egiteko: Udalei, Mankomunitateari eta Foru Aldundiari "bizikletan ibiltzeko bide sarea egitea" eskatu zieten.

Oñatiko bizikletazaleen elkarteak, Txirrinkak, antolatu zuen ibilaldia, eta zale gehienak Oñatikoak, Arrasatekoak eta, gutxiago, Bergarakoak eta Aretxabaletakoak izan arren, Bilboko Biziz-Bizi eta Donostiako Kalapie elkarteko kide batzuk ere etorri ziren Oñatiraino, bat egiteko. Ibilaldia 15:00etan hasi zen; Oñatitik Arrasatera joan ziren, hango kaleetatik ibili eta Oñatiko plazan bukatu zen, 19:00ak aldera.

Bidegorrien faltan, errepidez

Umeak, helduak, nagusiak, norbanakoak zein familiak… denetarik zegoen. "Ikusi da herritarrek begi onez ikusten dutela gure eskaera, bidegorriena", esan du Aitor Ugalde Txirrinka elkarteko kideak.

Traba batzuk izan zituzten: "Auto-ilarak sortu ziren, eta gidari batzuek pazientzia txikia erakutsi zuten eta bozina jo ziguten. Gainera, motorzale batzuek modu txarrean aurreratu ziguten", azaldu du Aitor Ugaldek. Horren aurrean, bidegorririk balego, errepidetik ibili beharrik izango ez zuketela esaten dute parte-hartzaile batzuek.

Sinadurak

Bukaeran, bat-bateko ekintza bat egon zen: "Bateren batek bidegorrien alde sinatu zuen, eta gero eta jende gehiago ere sinatzen hasi zen", dio Ugaldek. Ez dakite zer egingo duten sinadurekin; eurendako garrantzitsuena da bidegorrien aldeko aldarrikapena egin zutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak