Bide Ertzean Bergarako Zabalotegin izango da azaroaren 7an lan berriarekin

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko urriaren 5a

Urte hasieran Tolosako Leidor aretoan egindako zuzeneko emanaldiaren diskoa, 'Leidor Sessions', aurkeztuko dute

Bide Ertzean taldeak hamar urte bete ditu eta urtemuga hori ospatzeko jaialdi berezia egin zuten urtarrilean Tolosako Leidor aretoan. Bada, zuzeneko emanaldi haren diskoa eta DVDa, Leidor Sessions (Gaztelupeko Hotsak) kaleratu zituzten aurreko astean. Horrekin batera, diskoa aurkezteko emango dituzten kontzertuen berri ere eman dute. Azaroan hasiko dute aurkezpen bira eta hil horretan egingo dituzten hiru kontzertuetatik bat Bergaran izango da. 

Azaroaren 7an egingo dute Bergaran emanaldia, 3an Bilboko Kafe Antzokian eta 6an Andoaingo Bastero aretoan jo eta gero. Hemengoa izango da Zabalotegi aretoan, 22:30ean, eta Leidorren diskoa grabatu zuen boskote bera etorriko da: Karlos Arantzegi, bateria-jolea; Joserra Senperena, teklatu-jolea; Fran Iturbe, gitarra-jole bergararra eta Ubeda anaiak; Jon, baxu-jolea eta Imanol, gitarra-jole eta ahotsa.

Hamar urteko ibilbidea

Lan berrian taldearen hamarkadari errepaso egiten diote eta ibilbide horretan garrantzia izan duten abestien moldaketak jaso dituzte.

Emanaldian abestutako 22 kantuetatik 15 jaso dituzte disko-DVDan, hastapenekoak zein kanturik berrienak. Tartean Graffiti kantu berria dago.

Hain justu ere, garai bateko kantuak gaur egunean nola definitu izan da, beste gauza askoren artean, kontzerturako hautatu zuten errepertorioa entseatzean lortu behar izan zutena. Hala, taldeko kideek esan dute lan handia egin behar izan zutela kontzertuaren aurretik, "zuzeneko lan hau ez baita izan bira baten barruan grabatu ohi den kontzertu bat: propio prestatu genuen kontzertua, gero grabatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak