Bergarako Udalbatzak ez du atentatuaren inguruko adierazpen bateratua lortu

Arritxu Barruso 2008ko otsailaren 12a

Bergarako Udalbatzak ez ohiko osoko bilkura egin zuen atzo, egubakitzean gertatutako atentatuaren inguruko adierazpena onartzeko. Udalbatzak lau idatzi aurkeztu zituen; EAEk, Aralarrek, EAJk eta Alderdi Sozialistak aurkeztutakoak, baina alderdiok ez ziren akordio batera iritsi eta ez zuten bat bera ere onartu.

Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran Bergarako Udalbatzak ezin izan zuen adierazpen bateraturik onartu, eguakoitzean  Bergarako epaitegiaren kontra egindako atentatuaren inguruan. EAJk, Aralarrek eta Alderdi Sozialistak idatzi bana aurkeztu zuten, hiruak ere atentatua gaitzesten. Eusko Abertzale Ekintzak mahai gainean jarritako idatzia ere ez zen onartu.

Atzoko osoko bilkuran, EAJ eta EAk aurkeztutako idatzia izan zen lehenengo eztabaidatu zutena. Bertan atentatua gaitzetsi ostean, alderdi guztiek politikan parte hartzeko eskubidea daukatela aldarrikatu zuten, baita ezker abertzaleak ere. Eusko Abertzale Ekintzaren eta Alderdi Sozialistaren kontrako botoekin, idatziak ez zuen aurrera egin.

Alderdi Sozialistaren mozioa ere bertan behera gelditu zen. Sozialisten idatziak pleno aretora joandako jendearengan haserrea eragin zuen, eta sozialisten eta jeltzaleen aurkako ohiak entzun ziren.

Agurne Barruso alkateak isiltzeko eskatu zien, osoko bilkurarekin jarraitu ahal izateko.  Sozialisten mozioak ez zuen gainerako alderdien botorik lortu.

Aralarren proposamenak, atentatua gaitzesten zuen eta Eusko Abertzale Ekintzaren eta EHAKren jarduerak etetea salatzen zuen. Baina Aralerreko hiru zinegotzien eta EAren aldeko botoak bakarrik lortu zituen. EAJk, EAEk eta sozialistek testuaren kontra bozkatu zuten.
Eusko Abertzale Ekintzaren proposamena izan zen irakurri zen azkena. Bertan kontestu demokratiko baten aldeko apustua egin zuten eta atentatua gatazka politikoaren ondorioa zela esaten zen. Idatzi horrek ere ez zuen aurrera egin, Aralar abstenitu egin zen eta gainerako taldeek kontra bozkatu zuten.

Beste bii mozio onartu ziren

Ez zen lortu, beraz, atentatuaren inguruko adierazpen bateraturik. Baina beste bi mozio onartu ziren. Bata Udal Gobernuak EAE eta EHAK alderdien ilegalizazioaren aurka aurkeztutakoa. Aralarren aldeko botoekin onartua izan zen. Onartutako bigarren mozioak atzo atxilotutako 14 pertsonen askatasuna aldarrikatzen zuen, tartean bergarako Aitor Arantzabal eta Mikel Garaiondo. EAE, Aralar, EAJ eta EAren aldeko botoekin aurrera egin zuen mozioak. Osoko bilkura amaitutakoan, EAJ eta Alderdi Sozialistaren kontrako ohiak izan ziren berriz.

Osoko bilkuraren ostean manifestazioa egin zuten Bergaran, EAE eta EHAKren ilegalizazioaren kontra. Ertzaintzak manifestazioa desegin zuen eta manifestariek zenbait edukiontzi lurrera bota zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak