14 bat dira orotara eta, aldiro, den-denak elkartzen ez badira ere, saiatzen dira asteroko hitzordura hutsik ez egiten. Horixe da, hain zuzen, aurtengo ikasturterako jarritako helburu nagusietako bat: "Helduen talde bat beti egon da, baina jarraikortasun barik. Hori aldatu egin nahi izan dugu eta ari gara lortzen", azaldu digu Iñaki Gurrutxaga irakasleak. Faktore ezberdinek eragin dute horretan, baina Gipuzkoako Bertsolari Elkarteak egindako apustua nabarmendu du berak. Horren bitartez, bertso eskolak koordinatzeko eta gabeziak dituztenak bultzatzeko ardura hezkuntza arautuan diharduten irakasleek dute orain. Bergara puntu estrategikotzat jo dute eta, lehendik zegoen egitura aprobetxatuz eta haize freskoa ekarrita, egindako ahalegina hasi da fruituak ematen. Horrekin batera, Debagoieneko bertso eskolen arteko lazoak estutzeko, zer antolatu pentsatzen ari dira orain.
Zein da bailarako beste herrietako egoera?
Oñati da momenturik gozoena bizi duen Debagoieneko herria: helduen bertso eskolan hiru talde ditu; umeenean, bi, eta hirugarren bat sortzeko bidean. Denera, 50 lagun inguru mugitzen ditu. Orain bi urte eman zen gorakada eta orduko zenbakiak mantendu egiten dira geroztik. Ez da txapelketetan nabarmendu den herri bat, baina bai bertsozalea. Aramaion, 15 bat lagun dabiltza bertso eskolan, haur eta gazte. Aretxabaletan, Loramendi Euskara Elkartea arduratzen da bertso eskolaz. Umeen taldea ez da berria herrian, baina bai helduena; iaz sortu zen eta, momentuz behintzat, jendea oso gustura dabil. Aretxabaletan modura, Arrasaten, 10-12 lagun dabiltza bertso eskolan eta, aurrera begira, badaude aukerak umeen talde gehiago osatzeko. Eskoriatzan, orain hiru urte inguru desagertu zen taldea eta berreskuratzeko ahaleginetan dabiltza orain. Leintz Gatzagan, Elgetan eta Antzuolan ez da egon eta ez dago bertso eskolarik; Elgetan helduentzako ikastaro bat izan zen duela 3-4 urte eta halako bat antolatu gura dute Antzuolan ikasturte honetan.
Hezkuntza arautua
Gipuzkoa osoan, bost mila ikasletik gora daude hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzen. Debagoienari dagokionez, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oñati eta Aramaio daude sartuta proiektu horretan, eta Bergara izan daiteke hurrengo jomugetako bat. Irakas-denboran jorratzen dute gaia; bertsoa bitarteko moduan erabiltzen dute, egun gabeziak dituen ahozko jarduerari eusteko. Oinarrizko ezaguera batzuk eman eta gero, bertsoak egiten jartzen dituzte eta hor gustura aritzen direnek bertso eskolarako bidea hartzen dute (Bergaran, urtetan egon da umeen taldea, iaz galdu egin zen eta aurten berriz osatu da). Funtsean, idatzizkotik ahozkorako jauzia ematen dute hor, jarioa lantzeko. Helduentzako bertso eskola da hurrengo urratsa, "bertsolaritza gustuko dutenen elkargunea", Iñaki Gurrutxagaren hitzetan.