Gurasoekin harremanetan ipinita azaldu digute gaur goizean Osakidetzako arduradunen deia jaso dutela esanez euren seme-alabak zeuden udalekuan A Gripearen agerraldia egon dela. "Esan digute gure alabak ez zuela inolako sintomarik eta ondo zegoela. Gripea kontrolatuta zegoela esan digute, eta gure esku utzi dute umeak udalekuetan jarraitzea edo etxera ekartzea. Gure alabak udalekuetan jarraitu nahi zuen, baina, gaur eguerdian ume asko etxera bueltatzen zirela ikustean deitu digu esanez berak ere etxera etorri nahi zuela", azaldu digu Itziar Baltzategik.
Bergarako hiru umeak etxean daude eta gurasoei gomendatu diete hurrengo zazpi egunetan umeak gertutik zaintzeko. Sintomaren bat agertuz gero jarraitu beharreko protokoloa ere azaldu diete.