Bergarak irabazi du Arrasateko hiruko txapelketa, talde bakoitzak partidu bana irabazita

Oihana Elorza Gorostiza 2009ko ira. 6a, 23:51
Hiru taldeek irabazi arren, Bergarak bi gol sartu ditu eta Mondrak eta Aloña Mendik bana. Mondrako eta Aloña Mendiko entrenatzailea izandako Jesus Moreno zena omendu zuten.

Bergarak irabazi du Arrasateko 26. hiruko txapelketa. Talde bi horiek eta Aloña Mendik elkarren kontra jokatu zuten atzo, domeka, arratsaldean Arrasaten, Mojategin. Hiru taldeek partidu bana irabazi zuten, baina txapelketako trofeoa Bergarak eraman zuen etxera, gol gehien talde horrek sartu zituelako.

Lau gol
Bergarari lehen bi partiduak jokatzea tokatu zitzaion, lehena Aloñaren aurka eta bigarrena Mondraren kontra. "Lehenengo partiduan ondo ibili gara. Geuk izan dugu partiduaren kontrola eta oñatiarrak atzetik ibili dira. Tokia hartu dugu eta eroso jokatu dugu, bero izugarria egin duen arren. Markel Lizarbek eta Julen Iñurrietak sartutako golei esker partidua irabazi dugu. Mondraren aurka, ordea, apalago ibili gara. Bero pasa dugu Aloña Mendiren aurka, eta etxekoak fresko atera dira", dio Josu Agirrezabal Bergara taldeko jokalariak. 

Mondra taldeak ere segidan jokatu ditu partiduak, txapelketako bigarrena, eta hirugarrena. "Ezberdinak izan dira bi partiduak. Lehenengoan, Bergararen aurka, hobeto ibili gara, partidu borobila egin dugu, eta irabazi egin dugu. Aloña Mendiren aurkako norgehiagokan, berriz, ez dugu geure maila erakutsi. Metro asko oparitu dizkiegu oñatiarrei. Beroak ere ez digu asko lagundu, larregiko beroa egin du", azaldu du txapelketa amaieran Andoni Azkargortak, Mondrako entrenatzailea.
Josu Zubia Aloña Mendiko  prestatzailearendako ere bere taldeak bi partidu ezberdin jokatu ditu. "Lehenengoan, Bergararen aurka, eskas ibili gara, ez dugu ondo jokatu. Mondraren kontra, aldiz, txapelketako hirugarren partidua, hobeto ibili gara. Gora heldu garenean, behar bezala heldu gara, eta defentsako lana ere hobeto egin dugu", azaldu du Zubiak. Mikel Palaciosek sartu du Mondraren aurkako partiduko gola.

Jesus moreno
Arrasateko futbol elkarteak antolatu du aurtengo hiruko txapelketa ere, eta Jesus Morenori omenaldia egin dio txapelketaren barruan. Txapelketako lehen partidua jokatu ostean, lore sorta bat eta plaka bat eman diote Mondrako jokalariek Morenoren alargunari eta Aloña Mendiko jokalari batek, Oñatiko taldearen bandera. Jesus Moreno Mondrako jokalaria lehenengo eta entrenatzailea ondoren izan da urte askotan eta Aloña Mendiko prestatzailea ere izan zen bi denboralditan. Maiatzean hil zen.

Arrasateko hiruko txapelketako lehen partidua 16:30ean hasi zen eta 19:15ean bukatu zen hirugarrena. Bergarak lehen biak jokatu zituen, eta sari banaketa egin orduko, jokalariak dutxatuta eta arropaz aldatuta zeuden. Mondra futbol taldeko presidenteak, Patxi de Andres, eman zion trofeoa domekan Bergarako kapitaina izan zen jokalariari, Iñaki Mujika. 

Hurrengo domekan lehen partidua
Bergarak, Mondrak zein Aloña Mendik asteburuan hasiko dute txapelketa. Hiru taldeek domekan jokatu dute: Aloña Mendik eta Bergarak etxean jokatu dute Ordizia eta Hernaniren aurka, hurrenez hurren; Mondrak Hondarribian jokatuko du hango taldearen kontra.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak