Beira birziklatzeko kanpaina jarriko dute martxan gaur

Mirian Biteri 2009ko aza. 20a, 09:24
Debagoieneko Mankomunitateak beiraren birziklatzearen gaineko kontzientziazio kanpaina jarriko du gaur martxan, egubakoitza. Horren bidez, jasotzen den kantitatea handitu egin nahi da. Horretarako, birziklatzeko prozesua nolakoa den eta horrekin lortzen diren onurak azaldu nahi dizkiete herritarrei.

Mankomunitatearen datuen arabera, gaikako bilketen artean debagoiendarren artean harrera onena duena beirarena da. Eskualdean %66 birziklatzen da; hain justu ere, 2.000 tona urtero. Nabarmendu dute, horren harira, azken urteotan edukiontzi gehiago eta ostalaritzako edukiontzi berriak jarri direla. Dena dela, oraindik asko dagoela egiteke gogorarazi du Mankomunitateak; izan ere, gaur egun, eskualdean urtean 1.000 tona geratzen dira birziklatu gabe.

Poteak, botilak eta flaskoak

Kanpaina horretan, edukiontzi berdeetara beirazko poteak, botilak eta flaskoak bakarrik bota behar direla erakutsiko dute. Era berean, portzelanak, zeramikak, tapak, tapoiak, txapak, bonbillak, fluoreszenteak, ispiluak, leihoetako kristalak, edalontziak, kopak eta kristalezko platerak ez direla esandako edukiontzietan bota behar azpimarratuko dute, gero jarraitu beharreko prozesuan arazo larriak sor ditzakete-eta.
Ecovidriok diruz lagundutako kanpaina Debagoieneko herri guztietara iritsiko da datozen asteotan. Gaur, esaterako, Antzuolako Zurrategi plazan izango da, 17:00etatik 20:00etara bitartean. Horretan, karpa jarriko dute eta gaian adituak diren bi dinamizatzailek beiraren birziklapenaren gaineko informazioa emango diete hara joaten direnei. Horretarako, pantaila batean lau bideo ikusi ahalko dira, jarraitzen duten prozesua ikusteko eta edukiontzi berdeetara bota behar dena modu errazean ikasteko.
Horretaz aparte, dinamizatzaileek prestatuko mahai gaineko hiru jolasetan parte hartzeko gonbita egingo diete. Horren harira, Debagoieneko Mankomunitateak jakinarazi du oparitxoa emango zaiela parte hartzen dutenei.

Karpa, herriz herri

Antzuola. Azaroaren 20a. 17:00etatik 20:00etara. Zurrategi plazan.

Arrasate. Azaroaren 27a. 17:00etatik 20:00etara. Seber Altube plazan. 

Aretxabaleta. Azaroaren 28a. 11:30etik 14:30era. Durana kalean.. 

Oñati. Abenduaren 11. 17:00etatik 20:00etara. Herriko plazan. 

Eskoriatza. Abenduaren 12a. 11:30etik 14:30era. Herriko plazan. 

Elgeta. Abenduaren 18a. 17:00etatik 20:00etara. Herriko plazan. 

Bergara. Abenduaren 19a. 11:30etik 14:30era. Domingo Irala kalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak