Behobia euritsua domekan

Xabier Urtzelai 2009ko aza. 6a, 12:42
Aurten ere Behobia-Donostia lasterketak izenburu berak dakartza: "Parte-hartze historikoa", "Chema Martinez faborito", "Handitzen, handitzen...". Eta baita datu deigarri bat ere, gipuzkoarron %1,5ek proba egingo dutela –datu esanguratsua da hori, kontuan izanda 20 kilometroko lasterketa bat dela.

Aurtengo lasterketan ere Chema Martinez madrildarra izango da protagonista. Behobia-Donostia Lasterketa irabaztera dator Martinez, eta baita Alberto Juzdadoren 1996ko errekorra gainditzera ere, behingoz (59:19), nahiz eta eguraldia ez duen aldeko izango. Debagoieneko atletismozaleek, Oñatin, Corpusetako herri lasterketan ikusi ahal izan zuten azkenekoz Martinez, eta orduan, Nike etxeko korrikalaria bigarren izan zen, Peter Kiruiren atzetik. Donostian, baina, Martinez da faborito.

Euria eta haizea
Azken urteotan eguraldia lagun izan da Behobia-Donostia lasterketan. 2004an euria bota zuen gogotik, eta helmugara iritsita, korrikalariak azkar erretiratu ziren, ez hozteko. Ordutik eguraldi ederra izan da proban, baita bero handiegia ere. Domekan, baina, 2004an izandako giro eskasa errepikatuko da. Egun euritsua, eta hori baino okerrago, haizetsua. Aurreikuspenek diote euria egitearekin batera ipar-mendebaleko haizea zakar ibiliko dela, eta hotz-sentsazioa areagotu.

Goienako medioetan jarraipen zabala

Urtero moduan, aurten ere Goienako lankideak Donostian izango dira domekan, lasterketaren jarraipena egiten, eta ibarreko protagonisten adierazpen, argazki, irudi eta bestelakoak batzen. Asteleheneko Goienkaria-k lau orri eskainiko dizkio Behobia-Donostia lasterketari, eta aurrerago aipatutakoekin batera ibarrekoen sailkapena ere argitaratuko du astekariak. Horrekin batera, GOITBko Harmailatik kirol saioan ere aparteko protagonismoa izango du maratoi erdiak (astelehena, 22:15). Eta Arrasate Irratiak ibarreko korrikalarien adierazpenak batuko ditu Astelehenetan kirolak saioan (11:05). Sarean ere albiste izango da domekako proba; besteak beste, argazki galeria egongo da ikusgai www.goiena.net-en.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak