Behobia Donostia lasterketan, Ritxar Fernandez izan da lehenengo debagoiendarra

Arantzazu Ezkibel Galdos 2007ko aza. 11a, 19:31
Beste behin, Chema Martinez (1:01:47) nagusitu zen Behobia-Donostia lasterketan. Korrikalari madrildarra Kamel Ziani oriotarraren eta Martin Fiz arabarraren aurretik sartu zen helmugara. Lasterketako lehenengo 19 kilometroetan lehia estua izan zuten Martinezek eta Zianik, baina gero, madrildarrak aurre hartu zuen eta Boulevardeko helmugara bakarrik iritsi zen. Bederatzi segundotara heldu zen Ziani oriotarra. Nesken arteko lehian, Sarah Kerubo keniarra nagusitu zen (1:09:26).

Horiek lasterketako izarrei begira hartutako denborak dira. Ibarreko izarrei begiratuta, 480 debagoiendar iritsi ziren helmugara. Guztien artean azkarrena Ritxar Fernandez oñatiarra izan zen (1:05:56). Bere marka onena 1:01:40 izan arren, oñatiarra gustura zegoen helmuga puntuan egindako lanarekin.

Bigarren debagoiendarra Jose Gabriel Urizar arrasatearra izan zen. Urizarrek 1:08:29ko denbora behar izan zuen helmuga puntuan. Hirugarren postuan, Asier Urdanpilleta oñatiarra sailkatu zen (1:09:19).

Aurreko postuetan ibili zen beste debagoiendar bat Imanol Molinero oñatiarra izan zen. Molinerok 1:11:37ko denbora behar izan zuen 20,2 kilometroak egiteko. "Oso gustura egin dut korrika; aurtengoa parte hartzen duda 12. aldia da eta inoiz baino denbora hobea egin dut". Ia lasterketa guztia Olano, Chaurreau eta beste hainbat txirrindulari ohiren ondoan ibili zen Molinero: "Baina, azkenean, eurak baino lehenago iritsi naiz".

Erreferentziekin, gaizki

Hain gustura geratu ez zirenak Mikel Alkorta eta Mari Fran Alonso arrasatearrak izan ziren. Alkortak 1:28:21eko denbora behar izan zuen lasterketa amaitzeko: "Gura nuena baino denbora gehiago behar izan dut; eskas ibili naiz", adierazi zuen amaieran. Lasterketari dagokionez, "Beti bezala oso giro polita egon da; hori da lasterketa honek duena, giro herrikoia", gaineratu zuen Alkortak. Mari Fran Alonsok ere uste baino denbora gehiago behar izan zuen (1:32:12). "Horrenbeste lagunen artean, lekua hartzea zaila izan da. Gainera, beste urte batzuetan baino zerbait luzeagoa izan da lasterketa. Hala, erreferentziekin gaizki ibili naiz", esan zuen Alonsok. Atleta arrasatearraren ustez, lasterketa egiteko helburua aldatu egin behar da: "Giroaz gozatzeko lasterketa da, ez denbora egitekoa", azaldu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak