Beasain-Durango autobidean kobratzea begi onez ikusten dute Gipuzkoako alderdi gehienek

Usoa Agirre 2007ko otsailaren 15a

Atzo, eguaztena, eztabaidatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan A-15 eta Beasain-Durango autobideetan eta Etxegaraten ordainsaria jartzearen gainean. PNV, EA, PSE, EB eta Aralarrek ontzat hartu zuten erabiltzaileei kobratzeko asmoa. Diotenez, Foru Aldundiko aurrekontuak ezin du finantzatu bide horien eraikuntza eta mantentzea. PPk bidesaririk ez jartzea defendatu zuen. Bidesaria jartzea erabakiz gero, Durangotik edo Beasaindik gure ibarrera etortzeko eta ibarretik Durango edo Beasainera joateko ordaindu egin beharko genuke. Hala ere, hurrengo legealdian hartuko dute erabakia.

Europako Batasuneko arau batek behartuko du 2012tik aurrera sare nagusitik dabiltzan ibilgailu astunei bidesaria kobratzera. Neurri hori gainerako ibilgailuei ere ezarriko zaie geroago. Gipuzkoaren kasuan arau horrek eragingo lieke N-1, A-15 eta Beasain-Durango autobideei.

PNV, EA eta PSE alderdiak gaur egungo egoera aztertzearen alde azaldu ziren, Europar Batasuneko arau horrek zer ekarriko lukeen ikusteko. Errepideetan bidesariak jartzearen alde daude. Hala ere, esan zuten gipuzkoarrek beherapenak izango lituzketela bidesarietan.

Ezker Batuak orain arte ezezko borobila eman izan dio bidesaria jartzeko asmoari. Atzo, ordea, bidesaria jartzearen alde azaldu ziren, beti ere gipuzkoarrei beherapenak egiten bazaizkie eta nazioarteko garraio astunari "bidesari gogorra" jartzen bazaio. 

Aralarrek A-15 eta N-1ean bidesariak ez jartzea eta A-8koa kentzea proposatu zuen. Hala erabiltzaileei biñeta bat kobratzea (urteko kuota bat) proposatu zuen, Austrian edo Suitzan egiten duten antzera. Kanpoko kamioiei bidesaria kobratzea izango litzateke politika horren salbuespena.


PP bidesaria kobratzearen aurka azaldu zen eta garraio publikoa sustatzea eskatu zuen, autoaren alternatiba izan dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak