Barbara Hendricks sopranoak kontzertua eskainiko du Arantzazun, Donostiako 69. Musika Hamabostaldiaren barruan

Miren Arregi Amasorrain 2008ko abu. 26a, 15:46
Donostiako Musika Hamabostaldia mugetatik kanpo atera da eta bihar Arantzazuko Santutegian hartuko du ostatu. Hain zuzen ere, Musika hamabostaldiaren baitan kokatzen den Musika aitzaki deritzon zikloaren barnean kokatuta, Barbara Hendricks soprano estatubatuarrak kontzertua eskainiko du. Kontzertua, bihar Jorge Oteiza eskultoreari egingo dioten omenaldiaren barruan izango da.

Barbara Hendricks soprano ezaguna, emakume solidarioa, konprometitua eta natura zale handia da. Haren iritziz, bilaketa espiritualean dago bizitzaren zentzua. Bizitza filosofia horrek baditu antzekotasunak Arantzazuren izaerarekin berarekin, bakearen eta espiritualtasunaren bilaketarekin.
Hendricks-ek gainera, Asturiasko Printzea saria eskuratu zuen giza eskubideen alde egindako lanagatik. Kontzertua arratsaldeko 19:30ean izango da, bihar, Arantzazun, Jorge Oteiza eskultoreari egingo dioten omenaldiaren baitan. Sarrerak guztiak dagoeneko agortuta daude.

Omenaldia Oteizaren jaiotzaren lehen mendeurrena dela-eta egingo dute Arantzazun, kokaleku horrek zuzeneko lotura du eta Orioko artistarekin.

Omenaldia arratsaldeko 6retan hasiko da, Juan Antonio Urbeltz koreografoak eskainiko duen Apostoluen dantzarekin. Ondoren Oñatz dantza taldeak emanaldia egingo du eta ostean Andoni Egaña bertsolariak abestuko du. Omenaldiaren ostean, Barbara Hendricks-en kontzertua hasiko da. Soprano estatubatuarrak Love Derwinger piano jotzailea izango du lagun eta Aaron Copland, Gustav Mahler , Francis Poulenc eta Richard Straussen lanak interpretatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak